Ondarroako Gure Esku Dago herri dinamikak antolatuta, atzo [urriak 15] Parte hartukot jaialdia egin zen. Alde Zaharrak eskaintzen duen ingurune naturala erabilita, musika, antzerkia, dantza, olerkia eta beste hainbat kultur diziplina uztartu zituen jaialdi paregabea egin zuten, Lea-Artibai eskualdean 2017ko udaberrian egingo den herri galdeketa girotzen joateko.
Herritarrek ondo erantzun zuten, eta Alde Zaharra jendez bete-bete egin zen. Nasa kaleko txoko guztiak, moilako etxeetako balkoiak eta Astilleruko hainbat txoko ere jaialdia ikusi nahi izan zuten herritarrek bete zituzten.
Jaialdiari hasiera Kirmen Uribek idatzitako olerki batek eman zion. Testua Fede Badiola jaialdiaren zuzendariak irakurri zuen Jose Urrejola musikariak lagunduta. Jarraian, Ainhoa Etxebarria aurkezleak hartu zuen berba, Kofradia Zaharreko balkoitik. Gerokoan, ikusleek gutxien pentsatutako tokietatik agertu zen Etxebarria: Zubi Zaharretik, Nasa kaleko moilako etxe bateko balkoi batetik…
Kresala, Txanpa eta Txomin Agirre taldeetako dantzari ohiak
Hurrengo minuetan musika,antzerkia eta dantza nagusi izan ziren Zubi Zaharraren azpian ipinitako agertoki erraldoian. Antolatzaileek iragarri modura, ezustekoz betetako gaua izan zen atzokoa. Tartean, Zubi Zaharreko horman aurresku bertikala, balkoitik balkoirako esketxa, kantuak, dantzak… egon ziren. Horrez gainera, Josu Eizagirrek herri galdeketaren inguruan prestatutako bideoa ere estreinatu zuten.
Jaialdiaren amaiera, berriz, apoteosikoa izan zen. Abesbatzek eta musikariek Gure Esku Dago-ren kantua abesten zuten bitartean, Artelango herensugea Zubi Zaharretik ailegatu zen bolandera artean. Kantua su artifizialean argipean amaitu zuten. Azkenik, Ainhoa Etxebarriak Neuk be parte hartukotmezua eskuetan hartuta amaitu zen jaialdia.
Jaialdia herritarren txalo zaparrada artean amaitu zen, eta Alde Zaharreko argiak biztu zirenean denek antzeko berbak nabarmendu zituzten: ederra, zoragarria, hunkigarria, inoiz ez modukoa…
Ainhoa Etxebarria Neuk be parte hartukot mezua eskuetan
Herritarrak ez eze, guztia amaitu orduko Gure Esku Dago herri dinamiko kideak pozez gainezka agertu ziren. “Gaurko gure helburua Parte hartukot mezua zabaltzea zen, eta lortu dugula uste dugu. Gehiago ezin dugu eskatu. Bertan parte hartu duten denei, gure eskerrik beroenak”, azaldu zuen Josu Etxaburu Ondarroako Gure Esku Dago-ren ordezkariak.
Etxaburuk gaineratu zuenez, aurretik irudikatutako moduan irten zuen jaialdiak. “Guretzako amets bat zen jaialdia horrelantxerik ateratzea, eta irudikatuta geneukan modura atera da. Beharbada, jaialdia leku itxi batean egitea askoz ere errazagoa izango zen, baina herriak dituen lekua naturalak aprobetxatu nahi izan ditugu”.
Fede Badiola jaialdiaren zuzendaria ere oso pozik eta hunkituta agertu zen amaieran. “Horrelako jaialdi bat antolatzea ez da batere erraza, eta denak oso ondo irten du. Eskerrik asko bertan parte hartu duen jende guztiari, merezi izan du egindako lan guztiak”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.