Haitz Larrinaga ondarrutarrak bigarren amaitu du Basque Expedition Race taldekako proba
Probari dagokionez, zatirik gogorrena bizikletako bigarren zatia izan zela aitortu du Larrinagak, hotz handia pasa zutelako. Parterik zailena, ostera, Gorbeiako trekking-a izan zen. Ia 50 kilometroko trekkinga 22 ordu inguruan egin zuten, gelditu barik. “Orientazioagaz nahikoa hanka sartze egin genituen, eta hor nahikoa denbora galdu genuen. Gerokoan, galdetutako denbora hori ezin berreskuratuta ibili ginen”.
Maila ona. Euskal Raid taldeagaz gain, euskaldunez osaturiko beste talde batek ere parte hartu zuen espedizioa kategoriako lehian: Lea-Artibai Raid taldeak, hain zuzen.
Nagore Elu ondarrutarrak, Andoni Etxebarria berriatuarrak, Jabi Anitua etxebarritarrak eta Manu Rueda markina-xemeindarrak osatutako taldeak maila ona erakutsi zuen, baina sailkatzeko aukera barik geratu ziren. Eskualdeko taldeak etapa batean nahikoa arazoa izan zituen, eta antolatzaileen laguntza behar izan zutenez, sailkapenetik kanpora geratu ziren. Hala ere, hurrengo etapa guztiak amaitzea lortu zuten.