Aurten ere Mutrikuko Minbiziaren Aurkako Elkarteak kalean ospatu nahi izan du Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Eguna bera ardatz hartuta, gaur [urriak 19] herritarrei
egunaren garrantziaz ohartarazi diete, eta egunari berari garrantzia ematearren, gainera, arrosa koloreko ikurra daraman pankarta ipini da udaletxeko balkoian.
Horrez gainera, osasun etxean eta herriko botiketan ere lazo arrosez beteriko otarreak ipini dira. “Toki horietan jendaurrean lanean diharduten langileei lazo arrosak eman zaizkie, horiek erakusteko. Baina, minbiziaren arazoa herritar guztiongan eragina duela erakustearren, lazo arrosa herriko denda, taberna eta saltokietan jendaurrean lan egiten duten langileei ere banatu zaizkie, lazo arrosa gaurkoan nagusi izan dadin”.
Era berean, eta iazko arrakasta ikusita, San Miguel egoitzan ere lazoak eta eskumuturrekoak banatu dizkiete bertako egoiliarrei zein langileei.
Bularreko Minbiziaren Eguneko ikurra, Mutrikuko udaletxeko balkoian. Argazkia: Mutrikuko Udala
Bestalde, Minbiziaren Aurkako Elkarteak
egoitza berria inauguratuko du urriaren 27an. Egoitza berrian, zehatz esanda, minbizia pairatzen dutenei eta euren senideei babes psikologikoa eskainiko diete hainbat profesionalen eskutik. “Zerbitzua astelehenetik barikura emango da, goizetan, 09:30etik 13:30era, eta doakoa izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, Donostiako egoitzara deitu daiteke, 943-45 77 22 telefonora”.
Inaugurazioarekin lotuta, gainera, elkartearen eskutik, egun berean
hitzaldia antolatu da Eibarko Coliseo Antzokian. 18:30ean hasita, minbiziaren inguruan lanean dabiltzan lau adituk
Minbiziaren aurkako ikerketa eta etorkizuna hitzaldia emango dute.