Domekan 20 gidarik parte hartuko dute Bermeoko rally ginkanan
Izaro Bikers motozaleen elkarteak eta Mingorrri Racing elkarteak antolatutako ekimenean aukeran egongo dira erakustaldiak, erakusketak eta paella herrikoiaEgun osoko egitaraua dakar domekarako antolatu duten Bermeoko rally ginkanak. Izaro Bikers motoza...
Izaro Bikers motozaleen elkarteak eta Mingorrri Racing elkarteak antolatutako ekimenean aukeran egongo dira erakustaldiak, erakusketak eta paella herrikoia
Egun osoko egitaraua dakar domekarako antolatu duten Bermeoko rally ginkanak. Izaro Bikers motozaleen elkarteak eta Mingorri Racing elkarteak antolatutako ekimen horretan, 20 gidarik parte hartuko dute. Jon Arana Izaro Bikers elkarteko kideak azaldu duenez, mundu horretan ezagunak diren gidariak gonbidatzen saiatu dira, eta horietako batzuk egongo dira.Landabaso industriagunean, Dia supermerkatuaren ondoan egingo dute rally ginkana, hain zuzen ere. Egunak, baina, askotarako emango duela esan zuten atzoko prentsaurrekoan, asko direlako antolatu dituzten jarduerak.
10:00etan, automobilismoko euskal eskolak antolatuta, lona labainkorreko gida tekniken erakustaldia egingo dute. «Arrisku egoera baten aurrean, istripu bat ekiditzeko zer egin behar den erakutsiko dute», azaldu dute. Ondoren, gidatze segurua eta rallyetako autoen segurtasunari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte.
Autoak, kalez kale
12:00etan, berriz, Portuzarrera lekualdatuko dira. Herritarrek hainbat auto berezi eta ikusgarri ikusteko aukera edukiko dute. Lehiaketetarako erabiltzen dituzten autoak eta klasikoak egongo direla zehaztu dute. Ondoren, 13:30ak aldera, erakusketan parte hartu duten autoak kalez kale ibiliko dira Landabaso industriaguneraino: izan ere, ordu horretatik aurrera, Izaro Bikersen eskutik, paella herrikoia dastatu ahalko da.
Lehiaketa, berriz, 15:00etan hasiko da. Gidariek hainbat ariketa egin beharko dituzte, eta bi taldetan banatuta egongo dira. 15:00etan, rally eta drift lehiaketako parte hartzaileen txanda izango da. Hamar gidarik parte hartuko dute, eta denbora neurtuko proba izango da.
16:00etan, berriz, Kart Cross modalitatekoen irteera izango da, denbora neurtuko proba izango da horiena ere.
18:45ean, berriz, finala hasiko da. Talde bakoitzetik puntuazio onena lortu duten bi parte hartzaileek jokatuko dituzte finalak. Sari banaketa ekitaldia 19:30ak aldera egingo dutela jakinarazi dute.
Besteren artean, Igor Urien, Jonathan Gomez eta Mikel Rebelo gidariek parte hartuko dutela esan du Mingorri elkarteko kide Aitor Kortazarrek.
Ikuskizun «polita eta ezberdina» eskainiko dutelakoan, adin ezberdinetako herritarrak eta bisitariak animatu dituzte parte hartzera.
Arrakastatsua baldin bada, gainera, urtero antolatzeko asmoa daukatela iragarri du Izaro Bikers elkarteko kideak.