Zainduz programa martxan da Lea-Artibain

Izko Cardenal Bizitzen Fundazioko koordinatzaileak, Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak eta Eli Burgoa Gizarte Zerbitzuetako koordinatzaileak goizean aurkeztu dute programa, Markina-Xemeinen.
Izko Cardenal: “Zaintzaileek gabezia pertsonal edo psikologikoak izaten dituzte sarri, baina, badituzte behar sozial batzuk ere”Arlo piskologikoari dagokionez, bai taldeka eta baita bakarka ere familia zaintzaileak zaintzen dituzte. Urte guztian zehar, Markina-Xemeine, Lekeition eta Ondarroan zaintzaileentzako talde terapeutikoak daude, eta psikologo baten laguntza dute. Udan izan ezik, hamabost egunero batzen dira, eta saioak egituratuta dituzte. “Egoera zehatz batzuetan, premia gehiago dagoenean, bakarka elkartzen dira”, zehaztu du Burgoak. Gabezia pertsonalak. Izko Cardenal Bizitzen Fundazioko koordinatzaileak Zainduz programa bultzatu eta garatzeko aldundiaren eta udal txikien zein mankomunitateen ahalegin berezia nabarmendu ditu: “Izan ere, askotan zaintzaileengana heltzea ez da izaten erraza. Zaintzaileek gabezia pertsonal edo psikologikoak izaten dituzte sarri, baina, badituzte behar sozial batzuk ere, eta zaintzaile bihurtzeagaz batera horiek albo batera uzten hasten dira. Ez dute aisialdirako astirik. Eta askotan dependentzia emozionaleko lotura bat sortzen da”. Bizi itxaropena handitu den heinean, edadeko pertsonen kopurua gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, zahartzaro “aktiboa” sustatzeko tresnak ematea beharrezkoa dela deritzote. Halaber, zaintzaileak jendartean “funtsezkoak” direla azpimarratu dute; horien beharra “ezinbestekoa” dela jendarteak aurrera egiteko. “Lan hori berdintasunean oinarritu behar da. Zaintzaile gehienak dira emakumezkoak, eta politika feministak gero eta barneratuago ditugun arren, egunerokotasunean, praktikan jarri behar dugu. Denok bihurtu behar gara zaintzaile, eta zaintzaileak mimatu eta formatu behar dira”, azaldu du Eluk. Hain zuzen ere, Cardenalen berbetan, zaintzak konpartitzea da erronka nagusietako bat. “Zaintzaileak bere prestakuntza emozionala lantzeko tresnak behar ditu. Programak horiek bizi dituzten egoerak azaleratzen ditu, zer eta nola bizi duten, eta egoera horiek nola aldatu daitezkeen erakusten du”. Bizitzen Fundazioko koordinatzaileak dioenez, zaintzaileak “antolaturik ez egotea” eta “oso feminizatuta” egotea beste faktore esanguratsu bat da, horrek “ikusezintasuna” ematen diolako kolektiboari. “Ez da elkarte edo talde antolatu bat, berez ez da kolektibo bat, eta horregatik zailagoa da haiengana iristea. Beraz, eskualde honetan, urtean 300 bat pertsonarengana heltzea oso datu ona da. Badakigu milaka kasu daudela, baina, ehunka herritarrengana heltzea asko da”. Zaintzaileak zaintzearen garrantzia jendartean ez dela antzematen dio Cardenalek. “Gizarte mailan ez dago egitura sendo bat guzti honi erantzuna emateko. Horregatik gauza berriak garatzen eta irtenbideak bilatzen hasi behar gara; behar horiek oso ondo identifikatu, eta horiei erantzunak eman behar dizkiegu”. Gizartearen zaintza nola antolatu eta kudeatu da gakoa, eta gaur egungo egoera datozen belaunaldietan aldatu beharra azpimarratu du Cardenalek. “Zaintzaileek ikusi behar dute lehentasuna ez dela soilik senidea, baizik eta lehentasuna beraiek direla. Zaintzaile izateko norberak bere burua zaindu behar duelako”. 2016-2017 egitaraua: LAGUNTZA PSIKOLOGIKO TALDEAK
- Lekeitio. Azaroak 2, 16 eta 30 eta abenduak 14. Jubilatuen elkartean, 17:00etatik 19:00etara.
- Markina-Xemein. Urriak 26, azaroak 7 eta 21 eta abenduak 12. Lea Artibai Amankomunazgoan, 17:00etatik 19:00etara.
- Ondarroa. Urriak 27, azaroak 10 eta 14, eta abenduak 15. Kofradia Zaharrean, 17:00etatik 19:00etara.
- Berriatua. Zine zikloa. Urriak 20, azaroak 24 eta abenduak 15. Udal bideo gelan, 16:30etatik 19:00etara.
- Etxebarria. Autoestima mintegia. Urriak 25, azaroak 8, 15, 22 eta 29 eta abenduak 13 eta 20. Kultur Aretoan, 17:00etatik 19:00etara.
- Lekeitio. Norbere zaintza tailerra. Urtarrila eta martxoa.
- Markina-Xemein. Erlajazioa eta arnasketak tailerra. Urtarrila eta martxoa.
- Mendexa. Erlajazioa eta arnasketak tailerra. Urtarrila eta martxoa.
- Ondarroa. Mobilizazioak tailerra. Urriak 24 eta 26 eta azaroak 2, 7 eta 9. Kofradia Zaharrean, 17:00etatik 19:00etara.
- Ziortza-Bolibar. Memoria lantzen tailerra. Urtarrila eta martxoa.
- Markina-Xemein. Azaroak 8, 15, 22 eta 29. Jubilatuen elkartean, 16:30etatik 18:30era.
- Ispaster. Azaroak 8, 15, 22 eta 29. Jubilatuen elkartean, 17:00etatik 19:00etara.
- Gizaburuaga eta Mendexa. Datak zehazteko.