Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra maila nagusiko txapelketaren finalean izango da. Finala, hain zuzen ere, domekan [urriak 23], jokatuko da 12:00etatik aurrera, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Iturritza baserrikoak punta-puntako beste bost aizkolari izango ditu aurkari: Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Mikel Larrañga, Joseba Otaegi eta Juan Jose Lopez Azpilikueta.
Lanei dagokienez, kirolari bakoitzak
hamabi pago enbor moztu beharko ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.
Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketaren finalaren aurkezpena, gaur, Miribillan. Argazkia: Euskaltel
Finalari dagokionez, maila handiko txapelketa nabarmendu du Olazkoak. “Nire aldetik, neure burua sasoiko ikusten dut; oso ondo prestatuta noa txapelketara. Hala ere, finalean parte hartuko dutenen artean, hiru aizkolari koska bat gorago daudela ikusten da, eta atzean geratuko garen hiruren artean borrokan ibiliko naizela uste dut. Nire helburu nagusia, ahal bada, azkenengo postuari ihes egitea da”.
Gaineratu duenez, proba bera oso
zaila eta zorrotza da. “Aizkorako lehenengo mailan dagoen probarik eta gogorrena dela deritzot. Gelditu ere egin gabe, hamabi enbor moztu beharko ditugu, eta denak ere oso enbor handiak”.
Lan on bat egiteko prest dago Mugertza, eta aurreratu duenez,
50 minutu azpitik geratuta “gustura” geratuko litzateke. “Nire onena ematen saiatuko naiz, ahalik eta denbora gutxienean”.
Ugaitz Mugertza Galbaixoko jaietan aizkoran
Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Mikel Larrañagaren txapela janzteko faboritoak badira ere, Atutxa nagusituko dela uste du Mugertzak. “Horrelako proba zorrotz baten aurrean, Atutxa irabazteko aukera gehiagorekin ikusten dut, baina Iker Vicente eta Mikel Larrañaga ere aurrean ikusten ditut “.
Errekor saiakera. Bestalde, Iñaxio Perurena harrijasotzaileak errekor saiakera egiteko asmoa ere badu domekan Miribillan. Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra ere errekor saiakera egitekotan zen, harri txikien kategorian, baina belauneko mina hartuta dagoela eta, ez da joango.