Urriaren 27tik azaroaren 1era euskal sorkuntza protagonista izango da Ondarroako Literatur Amuak jaialdian. Literatura ardatz hartuta, aurten bosgarrenez egingo da jaialdia. Hain zuzen ere, poesia, dantza, musika… diziplina anitzeko euskal sortzaile eta artistak bilduko ditu jaialdiak. “Egunotan ez da aspertzeko tarterik izango Ondarroan, adin eta gustu guztientzako ekintzak izango dira herrian, egunotan badago zer ikusia”, azaldu du Eneritz Basurko euskara arloko zinegotziak.
Jaialdiaren helburua herritarrak eta ingurukoak euskal literaturagaz butxu-butxu egitea dela nabarmendu du Basurkok. “Udalaren nahia herritar guztiak literatura, antzerkia, musika eta kultur munduan topa ditzakegun diziplina guztietan aberastea da”.
Ipuin rallyaren sari banaketa, Augustin Zubikarai nobela sariak, Nanoipuin sari banaketa eta Liburuen amuak ere jaialdiaren barruan egingo dira
Urtero moduan, literatura oinarri hartuta herrian antolatzen diren ekimenek lekua izango dute jaialdian. Ipuin rallyaren sari banaketa, Augustin Zubikarai nobela sariak, Nanoipuin sari banaketa eta Liburuen amuak ere jaialdiaren barruan egingo dira. “Herrian literaturarekin lotura estua duten hainbat ekintza antolatzen dira, eta udalak ekintza horiek egitasmo bakar batean biltzea garrantzitsua dela deritzo”.
Joxemari Urteaga, Eneritz Basurko eta Kirmen Uribe, Literatur Amuak jaialdia aurkezten
Udal ordezkarien iritziz, urtetik urtera gero eta indar handiagoa hartzen ari den egitasmoa da, eta horrek aurrerantzean ere beharrean jarraitzeko gogoa pizten diela gaineratu du Basurkok. “Ondarroa moduko eremu euskaldunean euskal literaturak merezi duen lekua izatea ezinbestekoa da, euskaraz bizi garen moduan euskarazko literatura kontsumitzeko ohitura hartu behar dugu”.
Herriko artisten plaza. Urtero legez, herriko artistek lekua izango dute jaialdian. Nahia Iparragirre eta Eneritz Zeberio herritarrek Aharitopeka dantza ikuskizuna eskainiko dute, eta Kirmen Uribek, ostera, azaroaren erdi aldean lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez) kaleratuko den Elkarrekin esnatzeko ordua hirugarren eleberria aurkeztuko du Ondarroan. “Liburuari lotutako lehenengo ekitaldia Ondarroan egin nahi nuen. Gero etorriko dira Bilbo, Donostia, Bartzelona, Madril… Toki askotan aurkeztuko dut liburua, baina lehenengoa Ondarroan nahi nuen izatea. Alde batetik, neure herria delako, eta, bestetik, liburuko protagonistak ere ondarrutarrak direlako”.
Kirmen Uribek iragarri duenez, Elkarrekin esnatzeko ordua hirugarren eleberriaren irakurketa egingo du jaialdian, primizia modura
Uribek azpimarratu duenez, azken literatur emaitza ondarrutarrekin partekatu nahi izan du. Iragarri duenez, liburuaren hasieraren irakurketa bat egingo du, aurrerapen modura. “Benetan primizia bat da, eta era berean, omenaldi txiki bat egin nahi diet protagonisten familiakoei”.
Kirmen Uribe, Joxemari Urteaga eta Eneritz Basurko Literatur Amuak jaialdiaren kartela eskuetan
Agertoki berriak. Egitarau zabalaren barruan, gainera, espazio berriak berreskuratu nahi izan ditu udalak. Izan ere, egitaraua Portuko Ranpara, Etxelilara, Musika Eskolara edota Gaztetxera ere zabalduko da. “Garrantzitsua da udalarentzat herriko espazio eta txoko guztiak literaturaz janztea, aurten horregatik eremua ere zabaldu dugu”.
Aurten, gainera, berrikuntza bi izango ditu jaialdiak. Batetik, aurten, lehenengoz, Ondarroako Emakumeen Kontseiluak antolatutako ekimen batek lekua hartuko du: Testurak emakumez osatutako talde baten ikuskizuna izango da urriaren 28an, Etxelilan. Horrez gain, berezitasun gisa, aurten galizierak ere lekua izango du. Izan ere, hizkuntza txikiei egindako keinu legez, Todos os Mares, o Mar galizierazko poesia emanaldia ere izango da urriaren 29an. Galizierazko eta euskarazko poesia entzuteko aukera izateaz gain, saio osoa euskaraz jarraitu ahal izango da euskaraz idatzitako bertsioari esker.
Egun horretan, gainera, beste amu bat botako zaio literaturari: Jasone Osororen12etan bermuta liburuaren inguruan berba egingo du Joxemari Urteagak gidatutako irakurle klubean. Herritar denak bertan parte hartzera gonbidatu ditu Urteagak. “Gure asmoa euskaraz irakurtzea da, eta euskaraz argitaratzen den gauza horren guztiaren zatitxo bat behintzat, aztertzea eta zuku pixka bat ateratzea irakurtzen ditugun liburu hauei”.
Aldaketak egitarauan. Udalak nabarmendu duenez, egitarauan bi aldaketa egongo direla nabarmendu du. Nanoipuin lehiaketako sari banaketa urriaren 30ean egingo da, 13:00etan, Kofradia Zaharrean. Gaueko entziklopedia koxkorra ikuzkizuna, berria, urriaren 31n egingo da, 17:00etan, Musika Eskolan.
Literatur Amuak, egitaraua
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.