Sorterritik urrun bizimodu berri bati ekiteko prest joandako arbasoen inguruko ekitaldiak antolatu dituzte urrirako Etxetik Kanpo izenburupean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Jardunaldietan. Izan ere, Immigrazioak eta Ondare Kulturala da aurtengo gaia.
Bertoko zenbait herritan, Ameriketara joandakoen inguruko ekitaldiak prestatu dituzte. Esate baterako, Ispasterretik Ameriketara eta buelta hitzaldian elkartuko dira ispastertarrak Iñigo Egiluz aretoan, zapatuan, 12:00etan.
Aulestin hiru astean jarraian landuko dute gaia. Barikuko lehen saioan ondo ezagutzen ez diren bost herritarren bizia errepasatu zuten,
Lau indiano eta jesuita bat izeneko berbaldian.
Gaur, berriz,
Ameriketan mahai inguruan elkartuko dira, tertulia giroan. Amerikako Estatu Batuetara (AEB) pilotari moduan joandakoen andreek zernolako bizimodua zeukaten kontatuko dute.
Hilaren 28an egingo duten
Kridxedak azken saioan, ostera, 36ko gerra aurretik zein ostean herritik neskame joandako nesken bizipenak bertatik bertara ezagutuko dituzte.
Horietako zazpik haien esperientzia azalduko dute, eta, horregaz batera, haiei egindako elkarrizketekin prestatu duten ikus-entzunezkoa erakutsiko dute jendaurrean.
Herrian utzitako ondareak. XVIII. eta XIX. mendeetan Italiara, Filipinetara, Perura, Txilera edota Kubara joandako bost aulestiarren bizitzak errepasatu zituzten barikuan, Jabi Aranguena Artakorekin (Aulesti, 1968).
Santiago Bengoaren, Diego Goitiaren, Santiago Gogeaskoetxearen, Zoilo Ibañez-Aldekoaren eta Francisco Plaza Oiñizko Amerikanue-ren bizitzen nondik norakoak azaldu zituzten.
“Orain dela 350 urte herritik joan zen jendea da. Herrian ondare bat utzi zuten. Adibidez, batak Indianoen etxea eraiki zuen, eta beste baten diruagaz elizako erretaula berria egin zuten XVIII. mendearen erdialdera”, azaldu du hizlari aulestiarrak.
Aranguena azalpenak ematen barikuko hitzaldian.
Goitia jesuita zen, eta Bengoa eta Gogeaskoetxea abadeak ziren. Zoilo da bosten artean familia diruduneko seme aberats bakarra, eta Plaza gaur egungo adineko askok ezagutu zuten.
Horietako baten ondarea aipatzearren, argitaratu gabeko Goitiaren euskarazko testuak eta bidaia kronika antzekoak daude. Lehenak euskararen eta erlijioaren ingurukoak dira, eta bigarrenetan hark egindako bidaia asko biltzen dira. Bilbora, Salamancara, Galiziara, Boloniara (Italia) edo Bartzelonara zelan bidaiatu zuen kontatzen du.
Pilotarien neska lagunak. Aranguenaren berbetan, Aulestik immigrazioari buruz gauza asko ditu kontatzeko, eta material asko zutelako erabaki zuten hiru saio egitea. Esate baterako, udalerrian asko dira pilotari moduan AEBetara joandakoak, eta horiei buruzko dokumentala estreinatu zuten abenduan.
Oraingoan, haiekin joan ziren emazte edo neska lagunengan arreta jarri dute. Zer egiten zuten, haien egunerokotasuna, bizimodua ezagutuko dute. “Haien esperientzia kontatuko dute bost aulestiarrek, eta argazkiak ere eramango dituzte”.
Bestalde, pilotari edo artzainetatik aparte, bertoko beste herrietan legez, Aulestin asko dira beste etxe batzuetara neskame joandakoak. Batik bat, gerra ostean inguruko herrietara zein Parisera edo Bordelera joandako neskak direla dio Artakok:?”Asko ume zirela joan ziren etxetik. 8-9 urtegaz ume batzuk zaintzen joan ziren. Kopuru zehatza ez dakigu, baina herrian badakigu baserri edo familia bakoitzetik zeintzuk joan ziren”.
Neskame gazteenak Bilboko eta Neguriko etxeetan ume batzuk zaintzen eta haiei euskara irakasten egon ziren. Zaharrenak, ostera, beste arrazoi batzuengatik zihoazen umezain: “Horien gurasoak gaixorik zeudelako joan ziren asko”.
Azken saioan emango duten dokumentalean istorio “politak” eta pasadizo “asko” daudela aurreratu du Aranguenak: “Gaur egungo ikuspegitik gogorra da, baina orduan gauza normala zen. Gehienek balorazioa oso ona egiten dute. Ondo hartu zituztela, asko ikasi zutela eta ondo pasatu zutela esan digute”.