'Munitibar' bertoko herrietako bitxikerien bilduma
Bertoko herrietako pertsonaia zein gertaera bitxien inguruko zenbait prentsa artikulu bildu ditu Jabi Aranguena Artakok (Aulesti, 1968). aurten kaleratu duen Munitibar liburuan. Jose Luis Muñoyerro Munitibar-ek 1966tik 1976ra El Correo Español egunkarian argitaraturiko kroniken bilduma da.
Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegiko hemerotekako artxiboetan 300 kronika baino gehiago topatu ditu, eta 160 ingurugaz osatu du bere lana.
Muñoyerro bilbotarra izan arren, emaztea munitibartarra zuenez, astebururo zein oporretan Munitibarko etxean egoten ziren. Kazetaria izateaz gain, aseguru-etxe batean zuzendaria izan zen hamarkada batez, eta bertoko kontuen inguruko kronikak idaztea gustuko zuen.
“Aulestin, Munitibarren, Nabarnizen… denean ibiltzen zen; ume txiki baten legez pasatzen zuen hemen. Jende asko ezagutzen zuen, eta ez zekien euskaraz, baina asko gustatzen zitzaion nekazal edo baserri mundua”, azaldu du Aranguenak.
Bertoko herrietan topatutako pertsonaia zein ofizio bitxiei buruzko testuak dira asko eta asko, baita gertaerenak edota pasadizoenak ere.
“Ez dakit kontzienteki egin zuen edo ez, baina desagertzen den mundu bat erakusten dute haren kronikek. Agertzen diren lanbideak, ohiturak, eta beste gauza asko desagertu dira dagoeneko”.
Batik bat, Munitibarko eta Aulestiko kontuetan jarri du arreta aulestiarrak. Baina, esaterako, Nabarnizko, Amorotoko edota Markinako batzuk ere badaude.
Orduko jendartearen isla
Garai hartako bizimoduaren zati baten erradiografia dira kronikak.
Bertoko ohiturak, herri kirol demak, asmakizun zein pasadizo bitxiak… Askotariko edukiak topatu ditu Aranguenak, eta aukeraketa egiterakoan aniztasuna bilatu duela dio, bai lekuetan, pertsonaietan edota gertaeretan.
Baserri batean sekulako patatatzarra topatu dutela, Aulestiko auzo batera auzotarrek egindako errepidea, Munitibarko alkateak aulkiak egiten dituela, Aulestiko Oiñiz auzoko azken bizilagunaren gorabeherak, Munitibarko lekurik eskasenean ingeles batek etxea egin duela, Aulestiko Zubero auzoan argindarraren kableak ostu eta urtebete argi barik daudela, herri bateko gazte guztiak Ameriketara joan direla… Askotariko kronikak dira.
Argazkiak ez dira oso kalitate onekoak, baina berba barik ere asko esaten dute, eta merezi du horiek ondo aztertzea.
Artakok dioenez, Aulestiko zein inguruko edadeko jendeak asko eskertu dio bilduma osatzea, eta horiei bakarrik ez, heldu askori erakargarri egin zaie: “Askok esan didate ez dutela liburua eskuetatik kentzen; orduak pasatzen dituztela kronikei begira, eta sinisten dut. Batek esan dit lau bider osorik irakurri duela”.
Aulestin eta inguruetan Muñoyerro 40 urtetik gorako denek ezagutzen zutela azaldu, eta haren kronikak irakurtzeko desiatzen egoten zirela gogora ekarri du. “Iazko irailean hil zen, polita izango zen bera bizi zela argitaratzea. Emaitzagaz pozik geratu naiz; askori gustatu zaie”.