Katixa Agirre gasteiztarraren
Amek ez dute idazten nobela proiektuak irabazi du
Ondarroako Udalak eta
Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria.
Antolatzaileek iragarri dutenez,
hamazazpi behar aurkeztu dira sariketara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu dute Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria eguen [urriak 27] arratsaldean jasoko du Agirrek,
Literatur Amuak jardunaldien barruan.
Agirrek nabarmendu duenez,
albistea ezustekoan jaso du, poz handiagaz. “Ez da sariketara aurkezten naizen lehen aldia. Beste bi alditan ere saiatu naiz, baina oraingoan zorte handiagoa izan dut. Oso pozik eta esker onez nago, beti bezala. Sari bat ematen dizutenean, eta konfiantza hori ematen dizutenean, horrek motibazioa ere ematen dizu aurrera egiteko proiektuarekin”.
Katixa Agirre, aurkezpen batean. Argazkia: Alea
Amek ez dute idazten Katixa Agirreren proiektuak, hain zuzen ere, amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egin du gogoeta,
hari detektibesko baten bidez. “Bere seme-alabak hiltzen dituen emakume baten istorioa da, eta gertaera horrek, eragin handia du protagonistarengan. Izan ere, horren inguruan ikertzen hasten da”, azaldu du irabazleak.
Katixak Agirrek amatasunaren gaia asko interesatzen zaiolako aukeratu du liburuaren gai nagusi modura
Lanak puntu beltz bat du, baina
hausnarketari buruzko lana izango dela aurreratu du idazle gasteiztarrak. Urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko. “Nik orain badakit zer nolako eleberria nahiko nukeen, baina ez dakit zelakoa izaten amaituko dudan. Egia esan, buruan daukazuna eta gauzatzen duzuna, batzuetan ez dira bat etortzen”.
Azken lana kaleratu zuenez geroztik,
hurrengo istorioaren bila ibili da Agirre, eta amatasunaren gaia asko interesatzen zitzaiolako aukeratu du liburuaren gaia bera ere. “Horren inguruan irakurtzen ibili naiz, eta horren inguruko diskurtsoak falta direla sumatu dut. Egia esan, oraindik ere asko landu behar den gai bat dela iruditzen zait, eta hortik tiraka etorri zen istoriaren hasiera”.
Katixa Agirre idazle gasteiztarra. Argazkia: Juantxo EgaƱa / Elkart
Aurreko sariduna ere bai. Katixe Agirre ikus-entzunezkoetan doktorea da eta EHUko irakaslea. Haur literaturako hainbat liburuz gain, helduentzat
Sua falta zaigu (Elkar, 2007) eta
Habitat (Elkar 2009) ipuin liburuak eta
Atertu arte itxaron (Elkar, 2015) eleberria kaleratu ditu.
Agirrek proiektua eguenean aurkeztuko du, eta beragaz batera, XV. Augustin Zubikarai saria eskuratu zuen Miren Gorrotxategiren
33 ezkil eleberri argitaratu berria ere aurkeztuko dute.