Maila nagusiko aizkora txapelketako finala azken postuan amaitu du Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak. Iturritza baserrikoak
txalotzeko lana egin bazuen ere, seigarren postuarekin konformatu behar izan du.
Finala atzo [urriak 23] jokatu zen jendez bete-bete egindako Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Datuen arabera, 1.000 lagun baino gehiago izan ziren frontoian.
Ugaitz Mugertza txapelketa nagusiko finalean aizkoran. Argazkia: Ibon Errazu
Mugertza, hain zuzen ere,
onenen aurka aritu zen finalean, eta denek ere ikuskizun ederra eskaini zuten Miribilla frontoian. Honakoen aurka egin behar izan zituen lanak mutrikuarrak: Mikel LarraƱaga, Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Joseba Otaegi eta Juanjo Lopez. Maila nagusiko finalean ohikoa den bezala, aizkolari bakoitzak 12 pago enbor ebaki behar izan zituen: lau kanaerdiko (54 ontzakoak), lau 60 ontzako eta lau oinbiko (72 ontzakoak).
Txapelketari dagokionez,
Aitzol Atutxak hirugarrenez jantzi zuen txapelketa nagusiko txapela. Dimoztarrak lan bikaina egin zuen, eta aurkariei ez zien aukerarik eman. Txapela irabazteko faboritoak, hain zuzen ere, nagusitasun osoz irabazi zuen; Joseba Otaegi bigarren sailkatuari, esate baterako, ia lau minutuko aldea atera zion.
Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketako parte hartzaileak. Argazkia: Ibon Errazu
Mugertzak, bere aldetik,
51 minutu eta 29 segundo behar izan zituen finaleko hamabi enborrak mozteko. Hasiera nahikoa ona izan zuen mutrikuarrak. Bigarren enborrean, esaterako, Atutxaren pareko ibili zen, baina moztu beharreko laugarren enborretik aurrera, arazoren bat edo beste izan zuen, eta aldea handitzen joan zen. “Ondo hasi nintzen, baina, egur handiak ez dire nire gorpuzkerarentzat egokienak. Mutil txikia naiz, eta indar gutxiena ere hor nik daukat, eta indar gutxi eta egurra ere gogorra baldin badaz, azkenean, desabantaila gehien nik izan nuen alde horretatik”.
Bere burua ondo ikusi bazuen ere, urduritasunak edo eraginda,
“nahikoa lotuta” ibili zen, eta nahi ez baldin bazuen ere, seigarren amaitu zuen. “Bosgarren edo laugarren amaitzeko asmoa nuen, baina ez da posible izan. Hori bai, Atutxa kenduta beste denok hiru minutu barruan amaitu dugu, eta alde hori, egia esan, ez da alde handia ere. Irabazleak alde gehiago kendu zidala ere pentsatzen nuen, eta alde horretatik pozik nago”.
Sailkapena:
- Aitzol Atutxa (00:44:47)
- Joseba Otaegi (00:48:25)
- Mikel LarraƱaga (00:48:40)
- Iker Vicente (00:49:32)
- Juango Lopez (00:50:57)
- Ugaitz Mugertza (00:51:29)