Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ELA eta LAB sindikatuek
azaroaren 5ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta TTIP/CETA EZ erakundeek egindako deialdiekin bat eginez.
Mobilizazioak Amerikako Estatu Batuekin TTIP eta Kanadarekin CETA bezalako nazioarteko merkataritza itunen aurka daudela adierazteko izango dira. Antolatzaileen hitzetan, itun horiek nazioarteko enpresa handiei bakarrik egiten diete mesede, merkatuen askatasunak defendatuz, herritarren eskubi-
deen gainetik.
Oihana Zabala (LAB) : “Gure aldarrikapena ez da guzti horren kontra egitea; beste eredu batzuk daude, nazioen elkartasunaren bitartez eraikitako beste akordio mota batzuk”
«Akordio hauei buruz gutxi dakigu, dena sekretupean daudelako adosten, baina presio soziala dela eta, herri batzuetan atzera bota dituzte», adierazi du Arrate Elkoro ELA sindikatuaren bozeramaileak. «Lan osasuna eta ingurumen arloan dauden oztopoak suntsitu nahi dituzte, batez ere enpresen interesen mesederako. Tratatu horien bitartez, multinazionalen interesak herritarren interesen gainetik jarriko dira», gehitu du Elkorok.
Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko bat beharrezkoa dela aldarrikatzeko mobilizazioa ere izango dela diote. «Gure aldarrikapena ez da guzti horren kontra egitea; beste eredu batzuk daude, nazioen elkartasunaren bitartez eraikitako beste akordio mota batzuk, eta herriak, komunitateak eta eragile sozialak ere guzti horren parte izan behar direla uste dugu», azaldu du LABeko Oihana Zabalak. «Guk akordio horiei ezetz esaten diegu, baina horren aurrean alternatibak eraikitzearen alde gaudela adierazteko egiten ditugu manifestazioak».
Mobilizazioak azaroaren 5ean egingo dituzte.
Bilbon 13:00etan kalejira egingo dute Unamuno Plazan, eta 17:30ean manifestazioa hasiko da Moyua Plazatik;
Donostian mobilizazioa 17:00etan hasiko da, Bulebarrean;
Gasteizen 12:00etan kalejira egingo dute, Virgen Blanca Plazan, eta Iruñean, 13:00etan hasiko da manifestazioa, autobus geltoki zaharrean.