Ondarroako Udaleko Kirol Saileko ordezkariek adierazi duenez, iaz hasitako proiektuari jarraipena ematea erabaki dute, eta hala, domekan [urriak 30], jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko asmoagaz egingo den lehen topaketa egingo da.
Nabarmendu dutenez, herriko gaztetxoek hainbat kirol ezagutu eta horiek batera praktikatzea da proiektuaren helburu nagusia. Bertan, herriko hiru ikastetxeetako
LH3 eta LH 6 bitarteko ikasleek izango dute bertan parte hartzeko aukera, baina aurretik izena eman beharko dute ikasteetxeetan bertan. Topaketa guztiak doan izango dira; hori bai, kiroldegian burutzen diren jardueretan abonatu ez direnek sarrera ordaindu beharko dute.
Jardunaldiei dagokienez, horiek
hilean behin egingo dira, eta bakoitzean jarduera edo kirol batzuk landuko dira. “Guretzat garrantzitsua da hainbat kirol diziplina herriko gaztetxoen eskura jartzea, beraiek gustuko dutena aukeratzeko”, aipatu du Unai Barrenetxea kirol zinegotziak.
Lea-Artibaiko ikastetxeen arteko kirol olinpiadak, Ondarroako Arrigorri hondartzan
Aurreratu dutenez, jarduera guztietan
parte hartzeari emango zaio garrantzia gehien, bestelako kirol jardueretan hain garrantzitsua izan ohi den lehiaketaren aurretik. Jarduera gehienak, gainera, naturarekin harremanetan egingo dira. Ikastetxe guztietako gaztetxoek parte hartuko dute topaketetan, eta harremanak estutzeko aukera ona izan daitekeela uste du udalak.
Arrakasta. Jardunaldietan, bestalde, herriko kirol taldeen laguntza izango du udalak. “Ezinbestekoa da herriko taldeen inplikazioa proiektu honetan. Beraiek dira egokienak egiten dutena gaztetxoei aurkezteko, eta behar hori eskertu behar die udalak”, gaineratu du Barrenetxeak.
Hasierako proba moduan, joan den ikasturaten abiatu zen egitasmoa. Hiru topaketa antolatu ziren, eta bakoitzean 60 gaztetxo inguruk parte hartu zuten. “Espero genuena baino erantzun hobea izan dute topaketek, eta horregatik, hilero topaketak antolatzeko erabakia hartu dugu”.