Ikerbiltza proiektua martxan da Lea-Artibain

Ezkerretik eskumara: Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkatea, Jon Arriola Berriatuako alkatea, Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakaria, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea, Karmelo Ibarluzea Etxebarriko zinegotzia, Edriga Aranburu Lekeitioko zinegotzia eta Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea, eguerdian proiektua aurkezteko egin duten agerraldian.
Urtero milaka ikasle pasatzen dira hezkuntza zentroetatik, eta horien proiektuak lurraldearen garaipenerako aprobetxatzearen beharra ikusten duteHalaber, eskualdeko herritar, ikasle, irakasle, aditu eta eragile guztiei Lea-Artibain martxan jarri duten egitasmo berri honekin bat egiteko deia luzatu diete. Horretarako, interesa dutenek helbide elektronikora mezua idatzi dezakete: ikerbiltza@udalbiltza.eus. Bestalde, telefono zenbaki honetara deitu ahal dute: 699 048 428. Kohesioa eta garapena. Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak azaldu duenez, Udalbiltzaren helburu nagusia Euskal Herriko lurralde desberdinen kohesioa eta garapena lantzea da, eta horretarako askotariko eremu estrategikoetan dihardute: ekonomia, energia, hizkuntza.. Urtero milaka ikasle pasatzen dira hezkuntza zentroetatik eta horietan ehunka proiektu eta egitasmo martxan jartzen direla kontuan hartuta, guzti hori lurraldearen garapenerako aprobetxatzearen beharra ikusten dute: “Ikerbiltzak ikasle, irakasle eta adituen jakintza edo mundu hori saretzen du, eskualdeetan egon daitezkeen behar edo proiektuak garatzeko. Behar tekniko, juridiko edota soziologikoak izan daitezke”. Jakintzaren eremuan, hezkuntza formala zein ez-formala bereizten dituzte. Izan ere, diotenez, hezkuntza komunitate hori hezkuntza formaletik sortzen da, baina, herri-jakintzan edo herritarren, herriko eragileen, elkarteetan dagoen jakintza horrek guztiak osatzen du jakintzaren komunitate hori. Ikerbiltza programak zubi lana egiten du. Herri edo eskualde mailan dauden behar eta interesak identikatu, eta horien arabera jakintza zentroekin harremanetan praktikak edo lanak eskaintzen dituzte: “Identifikatuta dauden beharrak eta horiek aurrera eramateko tresnak lotzen ditu”. “Euskal Herriko unibertsitate eta ikasketa zentro desberdinekin harremana dugu, eta arlo desberdinetako lanentzako egitasmoa da gurea. Energia arloa da ardatz nagusienetako bat, baina, adibidez, arkitektura eskolarekin ere lanak egiten dira herrietako mugikortasuna eta antzeko gauzak lantzeko, arlo soziodemografikoan ere lanak egiten dira, arlo teknikoan ingeniaritza eskolekin ere lanak egin izan dira”, azaldu du Udalbiltzako lehendakariak. Beste hiru aurkezpen. Eguerdian Munitibarko Bengola Natur eta Energia Interpretazio Zentroan aurkeztu dute proiektua, baina, datozen asteetan beste hiru aurkezpen egingo dituzte. Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan, esaterako, agerraldi bana egingo dute. Markina-Xemeinen azaroaren 18an aurkeztuko dute, Lea-Artibai ikastetxeko Esperantza aretoan (beste bietako datak zehazteko dituzte).