Mutrikuko Galdona kanpinak eta Ondarroako Eskutur iturgintzak ematen duten txapela eskuratu du Ugaitz Mugertza mutrikuarrak. Olazko Iturritza baserrikoak nabarmendu duenez,
aurtengoarekin hirugarrenez jantzi du txapela. Hain zuzen ere, iaz ere berak ehizatu zuen Mutrikuko lehen oilagorra, baita orain hiru urtekoa ere.
Txapelketari dagokionez, urriaren 12an hasi zen martxan, eta mutrikuko lurretan oilagorra ehizatzen duen lehen mutrikuarrak irabazten du saria. Mugertzak azaldu duenez, aurreko martitzenean [urriak 18] ehizatu zuen nahikoa tamaina handiko oilagorra, eta askorik zehaztu ez baldin badu ere,
Olatz aldeko mendietan ehizatu zuela adierazi du.
Ugaitz Mugertza aurtengo txapela eskuetan. Argazkia: Ugaitz Mugertza
Saria, bestalde, barikuan [urriak 21] jaso zuen Galdonan, kanpineko arduradunen eta Eskutur iturgintzako Rikardo Juaristiren eskutik.
Beste herri askotan egin modura, duela bost urte hasi ziren Mutrikun ehizatzen den lehenengo oilagorra ehizatzen duenari txapela ematen. Txapela lortzeko, baina, baldintza batzuk bete behar izaten dituzte ehiztariek: Mutrikun erroldatuta egotea, federatuta egotea eta oilagorra Mutrikuko lurretan ehizatzea.