Legatz kuota %36 txikitu nahi dute
Azterketa zientifikoetan oinarrituta, Kantauriko uretan legatz kuota %35,9 txikitzea proposatu du Bruselak. Zapoaren arrantza, berriz, %54 igotzea proposatu duteLegatz kuota nabarmen murriztu daitekeela iragarri du Bruselak. Hain zuzen ere, 2017rako ar...
Azterketa zientifikoetan oinarrituta, Kantauriko uretan legatz kuota %35,9 txikitzea proposatu du Bruselak. Zapoaren arrantza, berriz, %54 igotzea proposatu dute
Legatz kuota nabarmen murriztu daitekeela iragarri du Bruselak. Hain zuzen ere, 2017rako arrantza kuoten banaketa proposamena egin dute, eta kuota Kantauriko uretan %35,9 txikitzea proposatu dute.Erabakiari dagokionez, abenduaren 12ko eta 13ko bileretan hartuko dute, eta bitartean, negoziazioetan murgilduko dira Europar Batasuneko estatu kideak. Iazko udazkenean, esate baterako, kuota %60 txikitzea proposatu zuen Europako Batzordeak, baina negozioazioen eta protesten ostean, %20ra jaitsi zuten azkenean.
Bruselak azterketa zientifikoetan oinarrituta egin ditu proposamenak, eta arrantza jardueraren jasangarritasun maximoa du helburu. Azterketa horietan oinarrituta, gainera, hego stock-ean Kantauri itsasoko, Cadizko golkoko eta Portugaleko uretan itsas zapoaren arrantza kuota %54 igo daitekeela erabaki du.
Oilarraren arrantza ere mugatu nahi du Bruselak, %25,7 txikituz iberiar uretan, %28,2 Sole Handian eta %16 Frantziako kostaldean. Antxoari dagokionez, berriz, 2016ko kupoa mantentzea proposatu du, hau da, 22.500 tona.
Sardina asko
Baxurako ontziak, bestalde, sardina asko ari dira deskargatzen Ondarroako portuan. Kalare deuna kofradiak igorritako datuen arabera, urriaren 20tik 26ra bitartean, 303.700 kilo saldu dira bentan. Oro har, tamaina handiko aleak izan dira, eta nahikoa prezio onean saldu da. Kiloa, bataz beste, 1,15 euroan.
Datuak kontuan hartuta, kopururik gehiena asteon lehorreratu dute. Martitzenean 100.000 kilo deskargatu zituzten, eta eguaztenean, ostera, 122.000 kilo. Prezioari dagokionez, kiloa euroaren bueltan saldu da. Atzo, aldiz, zer edo zer garestiago saldu zen sardina kiloa. Goizean saldu ziren lehen sortak 1,30 euro inguruan ordaindu ziren.
Portua, bizi-bizi
Sardinaz gain, txitxarro baltz asko ere ari dira porturatzen egunotan. Astebetean, esaterako, 119.600 kilo baino gehiago porturatu dituzte. Prezio aldetik, ostera, merke saldu da arraina, 40 zentimo inguruan kiloa. Atzo, berriz, nahikoa tamaina handiko aleak ikusi ziren portuan, eta alerik handienak nabarmen garestiago saldu dira goizeko lehen bentan, euroaren bueltan.
Harrapaketa kopuruak egunotan handiak izan direla kontuan hartuta, gainera, egunotan ontzi asko ari dira deskargatzen Egidazu Kaian. 30 bat ontzi porturatu dira egunotan, Galiziakoak, Asturiaskoak eta Kantabriakoak gehienak.