Lekeitioko Udalak herriko ondareari buruzko jardunaldiak antolatu ditu
Azaroaren 3an hiribilduak 691 urte betetzen dituela ospatuko dute. Hitzaldiak, aurkezpenak eta bisita gidatuak egongo dira aukeran, gaur hasi eta azaroaren 26ra bitarteanAzaroaren 3an Lekeitioko hiribilduak 691 urte betetzen dituela ospatzeko herriko o...
Azaroaren 3an hiribilduak 691 urte betetzen dituela ospatuko dute. Hitzaldiak, aurkezpenak eta bisita gidatuak egongo dira aukeran, gaur hasi eta azaroaren 26ra bitartean
Azaroaren 3an Lekeitioko hiribilduak 691 urte betetzen dituela ospatzeko herriko ondareari buruzko jardunaldiak antolatu ditu udalak. Hitzaldiek, aurkezpenek eta bisita gidatuek osatuko dute gaur hasi eta azaroaren 26ra arte luzatuko den egitarau kulturala.Alberto Santanaren The American immigration of Lucy Garatea dokumentalaren bitartez, Luciana Aboitizen historia ezagutzeko aukera egongo da gaur, 19:00etan, Azkue aretoan. Aboitiz Lekeitioko Arranegi kalean jaio zen, eta oso gazte zela emigratu zuen AEBetara.
Luciana Aboitizek bezala, 1830 urtetik 1970era bitartean emigratu zuten 3.000 lekeitiarrez ariko da jarraian Koldo San Sebastian kazetaria, Zentimorik gabe izeneko hitzaldian. Izan ere, 1920. urtera arte, Boisen zeuden euskal herritar gutxiren arteko gehienak lekeitiarrak ziren, eta, hainbat urtez, Artzainen Dantza ospetsua hiribildu hartako andreek dantzatutako Emakumeen Aurreskuagaz hasten zen.
Bihar, bestalde, Zita enperatrizaz eta bere garaiaz ariko da Jose Maria Arriola. Lekeition jarraian bizi izan ziren pertsonaien artean munduan gehien ezagutzen zena Zita de Habsburgo enpreratriza izan zen. Zazpi urtez bizi izan zen Uribarren jauregian. Izan ere, jauregi horren inguruan gertatu da Lekeitioren historia garaikidea. Zitaren bizitzaz, herriaren berri eta bitxikeriez mintzatuko da Arriola, 18:00etan hasita.
Urteurrena
Azaroaren 3an, hiribilduaren 691. urteurrenean, bolanderak botako dituzte udaletxetik, eguna gogoan izateko, eta azaroaren 5ean Santa Maria elizako erretaula nagusiaren xehetasunak ezagutzeko aukera egongo da, 11:00etan.
Lekeitioko Santa Mariaren elizako aldare nagusiko erretaula gotiko-flamenko garrantzitsua 1508 urte inguruan egin zuten, Lekeitioko Hirian sortuta zegoen eskola lantegian, Juan Garcia de Crisal maisuak zuzenduta. Crisalen heriotzaren 500. urteurrena dela eta, erretaulari buruzko hitzaldia eskainiko du Jesus Muñiz Petralanda Euskal Herriko Unibertsitateko arte irakasleak.
Azaroko hurrengo hiru zapatuetan ere, herriko ondarea ezagutzeko ekitaldiak egingo dira: azaroaren 12an, Lekeitioko historiari lotutako hitzaldi eta bisita gidatuak eskainiko dituzte; azaroaren 19an, Los Goytisolo, una prospera familia de indianos liburua aurkeztuko dute; eta azaroaren 26an, Armintxeko koban aurkitutako erliebeei buruzko hitzaldia egongo da.