Mende erdia herritarrekin ospatuko du Seber Altubek
50. urteurrena du Seber Altube ikastolak, eta mende erdia herritarrekin ospatu gura du. Azaroaren 18an egingo du urteurren festa, Gernikako bihotzean, Pasealekuan.Herritik sortutako proiektua izanik, herriagaz eta herritarrekin ospatu gura du ikastolak...
Herritik sortutako proiektua izanik, herriagaz eta herritarrekin ospatu gura du ikastolak mende erdia. Eta urteurren borobil horretarako erabiliko duten leloa ere aurkeztu dute: Mende erdi, etorkizun bete.
Ikastolako arduradunek azaldu dutenez, «herritik, herriarentzat eta hezkuntza eredu propioaren aldeko apustuagaz hazi eta hezi da Seber Altube. Herritik sortua, herritarren bultzadagaz egin du aurrera, auzolanean eta hartu-emanean».
Horregatik, urteurren ospakizunera gonbidatu dituzte herritar denak: ikastolaren sorreran parte hartu zutenak; irakasle, ikasle eta guraso ohiak eta gaur egungoak; herriko beste eskoletako irakasle, ikasle, langile eta gurasoak… «Denok nahi zaituztegu ondoan», diote.
Etorkizunari begira
Festatik harago, etorkizuna eraikitzen hasi nahi du Seber Altubek. Aurretik duen mende erdiari ere begira jarriko dira ikastolan, eta herria zein ikastola bera denen artean eraikitzen jarraitzeko erronkari eutsiko diote: «Denon artean ikastola eta herria eraikitzen jarraitzeko, behar eta nahi dugun hezkuntza eredua sortzen jarraitzeko».
Hala, Gabonetako oporraldiren ostean, hausnarketa saioak egingo dituela jakinarazi du Seber Altube ikastolak. Azaldu dutenez, proiektua, pedagogia, barne antolaketa, parte hartzea, espazioak eta beste hainbat gai aztertzea izango dute helburu hausnarketa saio horiek; «aurrera begira ditugun erronkak adosteko baliagarri izan daitezkeen tresnak sortu nahi ditugu denon artean».