Urtarrilero euskal presoen eskubideen alde egiten den manifestazioa 17:30ean abiatuko da Casillatik: “Bilboko urteroko mobilizazioa salbuespeneko zerbait izan dadila, gure arestiko historiaren bilakaera marka dezan, euskal jendartearen gehiengoak hainbeste desio duen bake eta elkarbizitza etorkizun baterantz”. Martxa hori, beraz, “inflexio puntua” izatea nahi dutela esan dute.
Urriaren 15ean Donostian eginiko manifestazioarekin ekin zion Sarek aktibazio sozialaren ziklo berri bati, eta ziklo hori “erabakigarria” izan behar dela uste du: “Bai espainiar eta frantziar kartzeletan giza eskubideen errespetua lortzera begira, nahiz gatazkaren eta bere ondorioen konponbidean aurrera egitera begira ere”.
Horretarako,
gizarte osoari luzatu dio
deia: “Eragile sozial, politiko eta sindikal guztiei, instituzioei, eta oro har, pertsona orori. Esfortzuak bikoizteko, borondateak gehitzeko eta ibilbide orri komuna partekatzeko deialdia da. Ideologien eta alderdikerien gainetik”.
Urtarrilaren 14ko manifestaziorako deia egiteko Sarek Bilbon egindako agerraldia. Argazkian: Urtza Alkorta. Argazkia: Sare.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen nahiz Espainiako Gorteetarako
hauteskundeetako emaitzek sortutako egoera ere gogora ekarri dute: “Legebiltzar berri bat osatu berri da, osaketa eta gehiengo berriekin. Eta gehiengo berri horiek, gauzak aldatzeko balio behar dute. Ezin dugu pentsa, denak berdin jarraituko duenik”. Gogorarazi dute, gainera, Espainiako Kongresuan “erabateko gehiengorik gabeko” legealdia abiatuko dela eta kongresuko indar politiko gehienek beharrezkotzat jotzen dutela espetxe politika aldatzea.
Testua: Berria