64 korrikalarik parte hartu zuten zapatuan [urriak 29] egin zen Mutrikuko XIV. Herrikrosean. Horien artean Elorrioko Aitor Mimenza eta Barakaldoko Maite Arraiza izan dira azkarrenak. Mimenzak 31 minutu eta 12 segundotan egin zuen 10 kilometroko ibilbidea, eta Arraizak, berriz, 39 minutu eta 28 segundotan.
Gizonezkoen kasuan, Ibon San Miguel lekeitiarra eta Imanol Larrañaga azkoitiarrak, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituzten. San Miguelek 32 minutu eta 1 segundo behar izan zituen helmugaratzeko, eta Larrañagak, berriz, 32 minutu eta 18 segundo.
Lehen hiru sailkatuek, egia esan,
oso marka ona egin zuten, eta hurrengo sailkatuei alde ederra atera zien. Mimenzak, gainera, lasterketako errekorra ezarri du. Iaz ere berak irabazi zuen lasterketa, eta aurten iaz ezarritako marka hobetu du.
Mutrikuko Herrikroseko lehen hiru sailkatuak podiumean. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Emakumezkoen kasuan, berriz, bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Beronika Noya eta Lide Azkue markina-xemeindarrek lortu zituzten. Noyak 41 minutu eta 27 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, eta Azkuek, ostera, 6 segundo gehiago.
Herritar gutxi. Ladis Velasco izan zen helmugara ailegatu zen lehenengo herritarra. 35 minutu eta 44 segundoko marka lortu eta gero, 8. postuan sailkatu zen mutrikuarra.
Emakumezkoetan, aldiz, ez zen Mutrikuko parte hartzailerik egon, eta antolatzaileek adierazi dutenez, pena izan da aurten neska mutrikuarrik ez egotea. “Lasterketan herritar gehiagok parte hartzea gustatuko litzaiguke”.
Kros txikian parte hartu zuten gaztetxoak, irteeran. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Herriko gazteenek ere lasterketan parte hartzeko aukera izan zuten. Kros txikian, esate baterako, iaz baino gehiagok parte hartu zuten.
Ia 100 gaztetxok parte hartu zuten eure neurrira egindako kirol proban. “Ilusio handia egin digu hainbeste gaztetxo batzeak”.
LH 3. eta 4. mailako ikasleek 600 metroko lasterketa egin zuten –Goiko Plazatik Sanmikollako ermitaraino– eta LH 5. eta 6. mailakoek, berriz, 1.200 metroko ibilbidea betee zuten –Beristain txaletera joan-etorria–.