Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Mendexako eta Munitibarko zein inguruetako herrietako ume asko elkartu ziren herenegun [urriak 30], Aulestin, Lea Ibarreko Umeen Egunean.
Balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek, eta ekintza guztiak giro ederrean egin zituztela eta umeek egun polita pasatu zutela azaldu dute. “Aurten jolas desberdinak prestatu ditugu, adin guztietako umeentzat eskaintza egoteko. Esaterako, sormena eta oreka lantzeko jolasasak egin ditugu”, zehaztu du Oibar Legarra Aulestiko alkateordeak.
Tirolina, arku tiroa edota kutxen jolasean parte hartu zuten umeek pozarren, frontoian. Txikienentzako puzgarria ere izan zuten bertan. Horma irudi erraldoia margotzen aritu ziren, eta aurpegia margotzeko txokoa ere eduki zuten. Halaber, artistenek lorezaintza tailerrean haien sormena lantzeko astia hartu zuten.
Bazkalostean, herrigunean barrena ginkana egin zuten, txoko desberdinetan sakabanatuta zeuden arrasto edo argibideei jarraituta.
Ondoren, karaokean eztarriak urratu arte kantatu, eta nekatu arte dantzatu zuten. Ohitura legez, ume zein gurasoak txokolatadan elkartuta borobildu zuten eguna.
Lea Ibarreko Umeen Eguna