Ibilketa nordiko ikastaroa antolatu dute Mutrikun
Mutrikuko Udal Kirol Zerbitzuek antolatuta, ibilketa nordiko ikastaroa egingo da azaroaren 12an, Andoni Urkiola adituaren eskutik.
Ikastaroa praktikoa izango dela aurreratu dute, bi bat ordukoa. 10:00etan batuko dira udaletxe aurrean, eta 12:00ak arte ibilaldi bat egiteko aukera edukiko dute parte hartzaileek. Gaineratu dutenez, ibilaldia egiteko makilak eta beharrezko materiala herritarren eskura ipiniko dira.
Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek udal kirol zerbitzuetan, kirola@mutriku.net posta elektronikora idatzita, 943-60 32 44 telefonora deituta edo 679 16 25 02 zenbakira whastapp bat bidalita eman dezakete izena. Plaza mugatuak direla gogorarazi dute ikastaroaren arduradunek.