Ernaiko gazteek herritarren nahiz gazteen zerbitzura ariko den “estatu propioa eta duina” eraikitzeko bidean «mugarri» izango den
Inurritegia prozesua aurkeztu dute. “Gure nahiei eta beharrizanei erantzungo dien estatu eta herri eredu propio eta duina eraikitzera goaz”, zehaztu dute.
Euskal Herri aske, sozialista eta feminista aldarrikatzeagaz batera, euskal gazteriari eztabaidan parte hartzeko eta denen artean orain eta etorkizun duin bat eraikitzeko deia luzatu zieten. “Rajoi presidente egingo duten egunean gazteok ernai jarraitzen dugu; gazteok ernai gaude, eta egun ona da Periko Solabarria 87 urtegaz bere burua Ernaiko kidetzat zuen militante eredugarri eta maitagarriak esandakoa gogora ekartzeko eta lau haizetara zabaltzeko. Ez badigute ametsik egiten uzten, ez diegu lorik egiten utziko”, adierazi zuten zapatuan [urriak 29] Gernika-Lumoko Astran egindako agerraldian.
Gazteak, Inurritegia prozesuko materiala jasotzen.
Garaipenaren belaunaldia. Lanari ekiteko, lanean jarraitzeko unea dela deritzote: “Gaurtik guztiona da ardura. Goazen lanera, kalera, hormak margotzera, eztabaidatzera, entzutera eta batez ere borrokara. Lanera, lanera eta lanera. Garaipenaren belaunaldia gara, eta irabaztera goaz”.
Inurritegia Ernaiko II. Kongresu
Prozesua herriz herri eta auzoz auzo burutuko dutela jakitera eman dute.
Ezker Abertzaleko Abian prozesuaren ostean, gazte antolakundeak bere egin ditu hartutako erabakiak.
Ernai sortu zutenean lau urterako “lehen fasea” diseinatu zuten, eta ekin berri dutena bigarrena da.
Oraingo honetan hiru gai nagusi izango dituzte esku artean: Abian-en ondorioen inplementazioa, gazte estrategiaren berregokitzea eta antolakuntza eta funtzionamendua.
Prozesu independentista martxan jartzeko hausnarketa sakona egitea ezinbestekotzat jo dute: “Gazte problematikari erantzuteko gazte estrategia eraginkortu eta birdefinitzera goaz”.
Hausnarketa. Gazte antolakunde eraginkorra izateko dituzten hutsuneak hausnartu, egindako akatsak konpondu, eta ondo egindakoak hobetzeko konpromisoa berretsi dute Ernaiko ordezkariek. Hain zuzen ere, horretarako, prozesu kongresu horretan antolakuntza zein funtzionamenduaren inguruan erabakiak hartuko dituzte, besteak beste.
EGUTEGIA:
- Urriak 29-abenduak 31. Ekarpenak heralazteko aukera (zuzenean, posta elektronikoz edo batzar irekietan) eta ponentzia bat idazteko aukera eman.
- Urriak 29-urtarrilak 28. Herrietan prozesuaren aurkezpenak egin, militante hasiberriei sarrera eman, eta prozesuko parte hartzaileen errolda osatu.
- Urtarrilak 23. Ponentziak eta eranskinak publiko egin.
- Urtarrilak 23-otsailak 4. Ponentzia hautatu.
- Otsailak 6-martxoak 17. Ponentzien gaineko eztabaidak herrietan burutu, eta emendakinak aurkeztu.
- Martxoak 20-martxoak 27. Emendakinen bozketa.
- Apirila. Kongresua (data zehatza zehazteko dute).
ARGAZKI GALERIA: Gernika-Lumoko Astran egindako agerraldia