Abaroa berriro herritarrentzat zabalik
Dagoeneko amaitu dituzte Abaroa jauregia konpontzeko lanak. Ikus daiteke arbelezko teilatu beltza, oso-osorik, eta hau jasaten duen egurrezko egitura ere, sendotuta. Eta berriz ere lorategia zabalik dago, arineketan eta guztiz txukundu barik bada ere. ...
Abaroa herriratzeko aldarrikapenak ez dira atzo goizekoak. 2003an udalaren eskuetara pasa zenetik asmo eta ideia asko jasan ditu baliabide honek. 2004an luxuzko hotela egiteko aukerari argi berdea eman zitzaion, horretarako arau subsidiarioetan beharrezko aldaketak egiteko asmoarekin. Handik aurrera, Lekeitioko herri mugimendu eta mugimendu politiko desberdinek gune honen etorkizuna herritarren nahietara egokituta erabaki behar zela aldarrikatzen hasi ziren.
Bitarte horretan, eraikinaren egoera txarreruntz zihoan. Itoginak zituen teilatuak, eta egurrezko egiturak usteltzen ari ziren. 2012an, eraikina egonkortzeko lanen estimazioa egin zen; inbertsioa handia zen. Beraz, gauza bat argi zegoen: eraikina kaltetzen jarraitzea eten behar zen, baina, era berean, herriak, Abaroa gunea berea zela sentitu behar zuen, esfortzuak zilegi zirela konturatzeko. Auzolanean lorategia berreskuratzen hasi zen herritar talde bat. Lehen ortua zena herritarrentzako lorategi bihurtu zuen. Gune berde berria irabazi genuen herriaren erdian. Udalak Abaroa gunea ondare izendatzeko tramiteak hasi zituen. Izendapen honek babesa ematen dio eraikinari, eta, batez ere, hau birgaitzeko diru laguntzen aukera zabaltzen dio. Abaroaren etorkizuna eztabaidatzeko gunea 2014an deitutako Abaroa biztu parte hartze prozesuan kokatu zen. Espazio osoa zertarako izan zitekeen hausnartu zen, eta ondorioak jaso. 2015 hasieran etorri zen ondare izendapena. Ordutik aurrera, Euskal Herriko ondare kulturala den heinean, erabilera, herriarena izan behar da, derrigorrez.
Herriaren garaipen handia da Abaroan gertatu dena. Ehun urtez erabat aparte egon den izugarrizko ondasuna herriratu egin zen denon artean. Gurea dela konturatu eta herriak behar duenerako moldatu ahal genuela. Eta teilatua, herriak markatutako bide orriaren lehen pausoa da bakarrik. Orain, eraikina ez da kaltetuko, baina zertarako nahi dugun zehaztu behar da. Kontatu beharko digu udalak obratik aurreztu duten lanen dirua zertan inbertituko duen, baina, tira. Lanean jarraitzea tokatzen da orain, ondare ikuspegia zainduz, irizpide zientifikoa bermatuz, eta herritarren beharretara ondoen egokitzen dena erabakiz. Eta udalari dagokio erabakitakoa bermatzea. Zorionak Lekeitio! Lan ederra egin dugu!