Badator Katu Baltza Lekeitiora
Herritar guztiei begirako egun osoko jaia ospatuko dute bihar lekeitiarrek. Musika eta ikuskizunak daude egun osoan. Eguerdian banatuko dute erakusleiho onenaren sariaHamairugarren Katu Baltz eguna ospatuko dute bihar, Lekeition, eta herritar guztiei b...
Herritar guztiei begirako egun osoko jaia ospatuko dute bihar lekeitiarrek. Musika eta ikuskizunak daude egun osoan. Eguerdian banatuko dute erakusleiho onenaren saria
Hamairugarren Katu Baltz eguna ospatuko dute bihar, Lekeition, eta herritar guztiei begirako egun osoko jaia izango da oraingoa ere. Ume, gazte eta nagusiek mozorroak jantzi eta Euskal Mitologiaren protagonista diren pertsonaien inguruan antolatutako egunagaz gozatzeko aukera edukiko dute.Urtero modura, Eskolapeko Limoneroetan izango du jaiak lehen hitzordua. 11:30ean bolanderak bota eta pregoia irakurriko dute, eta aurten, estreinako, umeentzako aurpegi margotze tailerra egongo da, giroan sartzeko.
Eguerdi partean egingo da kalejira erakusleiho onena saritzeko. Lekitto Musika Banda eta Garraitz Kirol Taldeak lagunduta egingo dute dendarainoko ibilbidea herritarrek, eta aurten ere, Maria Talako Eskulan Tailerrekoen eskutik jasoko du saria irabazleak.
Herri guztira zabalduko dute giroa, goizean, Itxaropena Txistulari taldeak, trikitilariek eta Dunbots joaldunek; kalejiran ibiliko dira eta kalerik kale.
Ipuin kontalaria Barandiaran aretoan barik Ikusgarri Zineman egongo da aurten; Katu Beltzaren Bluesa kontatuko dute, aurten, Garrapatea Elkartekoek. Ekitaldia amaitutakoan, zinematik plazarainoko kalejira egingo da Aittitta Makurra Txarangagaz, jaiagaz plazan jarraitzeko.
Ikuskizunak
Txokolate goxoa edukiko dute zain herritarrek, Kontzijopean, kalejira amaieran, eta sabelak beteta, Etorkizuna Dantza Taldearen ikuskizuna txalotzeko prest egongo dira.
Argi eta su ikuskizunik ez da faltako jaiagaz amaitzen joateko. Lekittoko Deabruak Drums of Hell ikuskizuna eskainiko dute K-Tum-K batukada taldeagaz batera. «Su ikuskizunerako arropa egokiak eramatea gomendatzen dugu, istripuak saihesteko», esan dute Katu Baltz Elkartekoek.
Eguneko martxagaz jarraitzeko, tabernaz taberna ibiliko dira Bilboko Tinbaleroak, eta Lekittoko Neska Gaztiak antolatuta Akelarrea egongo da, Eskolapean.