Berriatuko Udalak herritarren ekarpenak batzen jarraitu nahi du
Udalak parte hartze prozesuko lehenengo ekintzan egon ezin izan zutenei ekarpenak egiteko aukera eskaini die. Aurrera begira egingo diren ekintzak ere azaldu dituzteBerritxu danok einaz! lelopean egiten ari diren kanpainaren baitan, herritarren parte h...
Udalak parte hartze prozesuko lehenengo ekintzan egon ezin izan zutenei ekarpenak egiteko aukera eskaini die. Aurrera begira egingo diren ekintzak ere azaldu dituzte
Berritxu danok einaz! lelopean egiten ari diren kanpainaren baitan, herritarren parte hartzea oinarri hartuta etorkizuneko Berriatua eraiki nahi du Berriatuko Udalak. Urriaren 22an egin zuten herritarren ekarpenak jasotzeko lehenengo ekintza. Eta orain, han izaterik eduki ez zuten herritarrek Internet bidez edo udaletxera joanda egin ahal dituzte ekarpenak.«Herritarrek udaletxean eskatu ahal dituzte ariketa orriak, edo udalaren webgunetik deskargatu», azaldu dute udal ordezkariek. Ariketa orria beteta, posta elektronikoz bidali (komunikazioa@berriatua.org) edo udaletxera eroan ahal dute.
Udalak jakitera eman duenez, urriaren 22ko ekintzan 52 herritarrek parte hartu zuten, eta 100 ekarpen baino gehiago egin zituzten. Ekintza horretan, parte hartzaileek herrian zer mantendu, sortu edo aldatuko luketen esan zuten. «Ariketa lan taldeetan banatuta egin genuen; zortziko taldeak osatu genituen». Ekintzan parte hartu zuten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete udal ordezkariek: «Eskerrik asko herria denen artean eraikitzeko erakutsitako prestutasunagatik».
Hurrengo pausoak
Egindako ekarpen guztiekin 2015-2020 ekintza plana osatuko du udalak. Eta plan hori ondo betetzeko, hurrengo pausoak ondokoak izango direla jakitera eman dute: «Azaro bukaeran lan talde guztietako aktak bidaliko dizkiegu parte hartzaileei. Abenduan herriko elkarte, eragile eta komertzioei euren ekarpenak egiteko aukera emango diegu, eta urtarrilean jasotako ekarpen guztiekin ekintza plana osatuko dugu, eta txosten hori herri batzar batean aurkeztuko dugu». Batzar horretan, gainera, 2017ko aurrekontuak ere azalduko dituztela diote.
Dena dela, herritarrekin egingo diren ekintzak ez direla hor amaituko diote. «Azaroan auzo batzarrak egingo ditugu, datorren urtean inbertsioen eta politiken lehentasunak ezartzeko». Horrez gain, batzorde bat ere sortuko dute, parte hartze prozesuaren inguruan auzolana indartzeko eta ordenantza bat ezartzeko.