Maider Gorritibereak eta Maider Lazkanok?
Askapena -k antolatutako brigada internazionalistetan parte hartu zuten udan, Brasilen eta Venezuelan; esperientzietatik ikasi eta Euskal Herrira egokitzea izan dute helburu.
Noiz eta zelan pentsatu zenuten Venezuelara eta Brasilera brigadista joatea?
Maider Gorritiberea: Beti eduki dut brigadista joateko gogoa. Brasilera joan nahi nuen MST ezagutzen nuelako (Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra). Elikadura eta burujabetza lantzen ditu, eta arlo hori asko interesatzen zait.
Maider Lazkano: Hemen zaudenean hemengo borroketan zentratzen zara, eta azken urteetan baneukan gogoa beste esperientzia eta herri proiektu batzuk ezagutzeko. Venezuelako prozesua jarraitu dut, eta iruditzen zait beste gizarte eredu bat eraikitzeko prozesuan izugarrizko aurrerapausoak eman dituztela.
Zein da brigadista baten lana?
M.L. Elkartrukea. Euskal Herriko errealitate sozial eta politikoa goazen lekuan plazaratzea eta han dagoen egoeraren berri izan eta hemen plazaratzea. Joaten garen lekuetako eragileekin egoten gara, hango egoera azaltzen digute; guk haien esperientziak eta proiektuak jasotzen ditugu, eta, ahal bada, hemengo borroketan ezarri.
Brigadistok planteamendu orokor bat daukazue, baina gauza bera al da leku batera edo bestera joatea?
M.L. Herrialde bakoitzaren errealitatea desberdina da. Helburua bera da kasu guzietan, informazioa eman eta jasotzea. Hala ere, nire kasuan, adibidez, nik Venezuelara joan nahi nuen ikusteko komunikabideen intoxikazioan egia antzik bazegoen.
M.G. Askapenak formakuntza politikoa ematen digun arren, behin hantxe egonda, orduantxe ikusten duzu errealitatea.
Maider Gorritiberea eta Maider Lazkano brigadista mutrikuarrak.
Ze ekarri duzue «motxilan»?
M.G. Niri neuri ikuspegi internazionalista garatu egin zait, eta ikusten dut hasi behar garela praktika zehatzak eramaten benetan herri zapalduengan elkartasun hori bermatu nahi badugu eta denok nahi badugu norabide berean joan, feminismoa eta sozialismoa lortzeko bidean.
Gertaera garrantzitsuak ere egon dira zu Brasilen egon zaren garaian….
M.G. Abuztuaren 31n amaitu zen Dilma Rousseff kargugabetzeko prozesua. Estatu kolpe politiko parlamentarioa eman da. Hala ere, esan behar da herria oso indartsu dagoela.
M.L. Venezuelari dagokionez, janaria lortzeko egunero sei orduko ilarak daudela egia izan arren, atzean eskuinaren estrategia politikoa dago: oinarrizko jatekoa badago; eurek erosten dute. Gorde egiten dute, ordea, eta nahi dutenean atera. Kriston tentsioa dago Venezuelan.
M.G. Erdialdeko Amerika eta Hegoamerika osoari begiratuz gero, hainbat adibide daude: Venezuela eta Brasil modura, hor daude Honduras, Paraguay, Argentina,…. EEBBek, herrialde bakoitzeko burgesiak eta eliteko jendeak eta Europako potentziek nahi dute orain dela urte batzuk indarrean zeuden herrialde progresistak jaustea. Ze ez da kasualitatea. Denean ari da gertatzen fenomeno hori.
Ze ikasgai ekarri duzue?
M.G. Brigada honek balio izan dit ikusteko, besteak beste, hango militanteek zelako formakuntza politikoa handia daukaten gurekin alderatuta, eta, bestetik, kolektibotasunaren garrantzia. Behin eta berriz azpimarratzen dizute eraiki behar diren gauzak kolektibotasunean eraiki behar direla. Eta konturatzen zara hemen, nahiz eta urteak eraman militatzen, oraindik bide luzea daukagula egiteko.
Ze pisu daukate aurreiritziek?
M.L. Egia da hara joan nintzenean ez nuela espero komunikabideek erakusten zuten zati bat egia zela ikustea. Hala ere, atzean dagoena ulertzen jakin behar da. Estrategia baten parte da, Maduroren gobernua kentzeko. Bestalde, esan behar da korrupzioa Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan oso zabalduta dagoela; ezkerreko gobernuetan ere hori badago hedatuta. Eta ezkerrean badago autokritika hori.
Maider Gorritiberea: “Beste esperientzia batetik ikasi eta hona ze ekarri daitekeen ikusi behar da”
Eta aurrera begira, zer?
M.G. Brasilera bueltatu nahiko nuke, mugimendua sakonago ezagutzera. Harreman piloa egin ditut, eta niretzat izan da eta izango da bizitzako esperientzia oso indartsu bat. Brasil modura, hemendik urte batzuetara beste herri batzuen egoera ere ezagutu nahiko nuke.
M.L. Niretzat pertsonalki izan da inflesio puntu bat. Venezuelan bihotz zati bat laga dut, eta Venezuelara bueltatzeko asmoa daukat. Eta handik Kolonbiara pasatu nahiko nuke.
M.G. Elkartasuna bultzatu behar da. Elkartasuna ez bada bultzatzen, gizarte kapitalista patriarkal honi aurre egitea oso zaila izango da. Beste esperientzia batetik ikasi eta hona ze ekarri daitekeen ikusi behar da.
M.L. Nire ustez beste herri batzuetako esperientziak ezagutzea ondo dagoen arren, garrantzitsuena eta egin ahal diegun ekarpenik handiena da jarraitzea borrokatzen, herri honen askatasuna lortzea eta beste gizarte eredu bat eraikitzea. Uste dut horixe dela beste herri zapaldu guztiei egin ahal diegun ekarpenik handiena. Bestalde, esan behar da Hego Amerikan gutxi dakitela Euskal Herriari buruz.
Maider Lazkano: “Mundu mailan ezkerraren beherakada ari da gertatzen, eta benetan garai zailetan gaude”
M.G. Brasilen MSTn nazional mailan Euskal Herriaren egoeraren berri bazeukaten. Oinarri sozialak, ostera, ez dauka Euskal Herriari buruzko informaziorik. Alde batetik, ulertu ahal dut, ze jende batek oso bizitza gogorra dauka; ez dakite biharamunean zer jango duten ere. Beraz, normala ere bada. Azken batean, lurrak okupatzeak ematen die jatea eta alternatiba bat planteatzea euren egunerokotasunari.
M.L. Mundu mailan ezkerraren beherakada ari da gertatzen, eta benetan garai zailetan gaude, Euskal Herrian ere bai. Nahiz eta pixka bat makilatuta egon eta ez izan hain muturrekoa, ikusten da herritarren beharrizanak zeintzuk diren, eta ezin gara holako muturreko egoeratara heldu benetan herria antolatzen hasteko. Beraz, nire mezua da bakoitzak bere arloan edo gehien interesatzen zaion arloan ahal duena ematea.
M.G. Euskal Herrian mugimenduen paralizazio bat ikusten da. Orain dela urte batzuk gehiago geunden kalean, eta nire ustez berriro kalean egon behar gara, kalea berreskuratu behar dugu; mugimenduak bultzatu behar dira, benetan alternatiba ezkertiarrak eta beste gizarte eredu bat eraiki nahi badugu.