Neska bila, taldea osatzeko
Elantxobeko Arraun Elkartean ez daukate nesken talderik aspalditik. Gaur egun, mutilekin entrenatzen dute lau emakumek, eta euren taldea osatzeko jende bila ari dira.Z azpi bat urte dira Elantxobe Arraun Elkartean nesken talderik ez dutela. Denboraldia...
Elantxobeko Arraun Elkartean ez daukate nesken talderik aspalditik. Gaur egun, mutilekin entrenatzen dute lau emakumek, eta euren taldea osatzeko jende bila ari dira.
Z azpi bat urte dira Elantxobe Arraun Elkartean nesken talderik ez dutela. Denboraldia hasi berri dute arraunlariek, eta neska talde bat batu da, haien taldea sortzeko helburuagaz.Eneritx Artetxe errigoitiarra, Aloña Gartzia gernikarra eta Ainara de Carlos lekunberriarra azaroan hasi ziren entrenatzen, eta orain dela hilabete bat Iratxe Unzueta gautegiz arteagarra batu zitzaien taldera.
Aurretik beste kirol batzuetan aritu izan dira, baina bakar batek ere ez die arraunak moduko motibaziorik eragin. «Hasieran ez geneukan idearik, baina probatu, eta asko gustatu zitzaigun. Ikasteko gogoz hasi ginen, eta horrela jarraitzen dugu».
Etxean ez dute arraun tradiziorik, eta ez dute arraunean esperientziarik, baina gogotsu daude: «Kasualitatez, lauretako bat ere ez da kostaldekoa; itsasorik ez daukate inon. Aloñak animatuta hasi ginen orain dela urtebete. Arraunean entrenatzen hastea proposatu, eta baiezkoa erantzun genion», azaldu dute Artetxek eta De Carlosek.
Iazko udazkenean zazpi neska hasi ziren, baina arrazoi desberdinak tarteko, udan hiru taldekide baino ez ziren geratu.
Orain lau neska dira, baina traineruan mutilen taldeagaz entrenatzen dute. Nesken taldea osatu, eta batel denboraldia lehiatzea da daukaten helburua. Horretarako jendea behar dute, baina: «Probatzera etorri daitezela. Gugaz egun batean entrenatu, eta ondoren erabaki dezatela».
Gazte zein helduak
Zaletasuna edota esperientzia duten zein arraunean ikasteko gogoa daukaten neskek telefono zenbaki honetara deitu dezakete, informazioa jaso eta dituzten galderak argitzeko: 676 91 86 19.
Apurka-apurka jendea animatzen hasi dela diote. Haiek zabaldutako kartelari esker, Miren Alvarez aurreko astean hasi zen entrenatzen, eta beste bik hasteko asmoa agertu dute.
Diotenez, jendea animatzeko adibiderik nabarmenena dira. «30 urtetik gora dituzunean sarri ez dakizu nora jo. Eta hau aukera ederra izan daiteke; zein kirol egin ez dakienarentzako alternatiba bat da», zehaztu du Artetxek.
Haien berbetan, beste kirol askotan gertatu moduan, umetan edo gaztetxotan hasten dira gehienak arraunean. Baina adinak berdin diola nabarmendu dute, eta taldeko kirolen bat egiteko gogoa dutenentzako aukera polita dela deritzote. «Jende asko ez da animatzen kirol gogorra dela uste duelako. Gogorra bada, baina beste edozein kirolen moduan», gehitu du Artetxek.
Talde lana
Taldean duten giro ona nabarmendu dute lau neskek, eta taldean elkarregaz lan egin behar izateak erakarri dituela. Artetxe saskibaloian edota korrika ibili izan da aurretik. «Ez naute motibatzen, eta honek beste motibazio bat dauka azkenean».
Patxi Egurrola elkarteko presidente eta entrenatzaileagaz astean lau saio egiten dituzte. Elantxoben, Gernika-Lumon edota Laidan entrenatzen dute. Astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan 18:00ak inguruan geratzen dira, eta zapatuetan, berriz, goizetan (marearen arabera).
Unzueta da taldeko gazteena, eta beste kirolen aldean «desberdinena» dela nabarmendu du: «Beste kirol batzuk oso lehiakorrak dira. Guk ere serio hartzen dugu, ikastego gogoz. Baina oso ondo pasatzen dugu».
Badakite asko daukatela ikasteko, eta zeregin horretan Egurrolaren laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Hark asko animatzen dituztela diote, eta haren aholkuak asko eskertzen dituzte.
«Unzueta eta Alvarez oraintxe hasi dira, baina azkenean, denon artean goaz ikasten; besteok ere ez gara profesionalak, besteok ere ikasten ari gara», zehaztu dute taldeko beteranoek.
Zerotik hasi dira, eta beraiek ahal badute edonork ahal duela azpimarratu dute: «Datorren urte hasieran bateletan lehiatzeko gogotsu gaude. Baina lehiatzeak baino, entrenatzeak, ikasten jarraitzeak betetzen gaitu. Pozik eta gustura ari gara, eta giro ona daukagu. Hori da garrantzitsuena».