Mugarri parte hartze prozesuaren barruan hobekuntza tailerra egingo dute Munitibarren
Munitibarko udalak aurreko astean, hilaren 2an (eguaztena) aurkeztu zien herritarrei Mugarri Irisgarritasuna hobetzeko parte hartze prozesua, eta eguenean (hilak 10) egingo dute hobekuntza tailerra. 18:00etan elkartuko dira udal aretoan.
Hain zuzen ere, udalak urte amaiera bitartean mugikortasun plan bat prestatuko du, eta horretarako bizilagunen iritziak eta ekarpenak jasoko ditu.
Herritarrek aste honetako tailerrean izango dute haien proposamenak emateko aukera, eta hobekuntza proposamen adibide bat azalduko zaie.
Era berean, udalak etxez etxe prozesuaren informazioa jasotzen duen eskuorria eta ekarpenak egiteko fitxak banatuko ditu. Horiek bete ostean, munitibartarrek udalaren buzoietan, udaletxeko idazkaritzan edota liburutegian utzi ahalko dituzte. Gainera, www.munitibar.org helbidean fitxa modu telematikoan betetzeko aukera ere egongo da.
Munitibarko udalak azaroaren 10etik 21era batuko ditu bizilagunen proposamenak. Ondoren, abenduaren 12an jasotako ekarpenak aztertuko dituzte, eta Learri enpresa publikoko teknikariek irrisgarritasun planaren zirriborroa aurkeztuko diete herritarrei. Udal aretoan egingo dute aurkezpen hori, 18:00etan hasita. Bertan, azken zalantzak argitu, eta azken ñabardurak egiteko aukera eskainiko dute.
Horrela, abenduaren 14ko osoko bilkuran onartuko dute Irisgarritasun plana.
Learri enpresa publikoak idatziko du plana. Teknikoen irizpideen arabera txosten bat prestatu dute dagoeneko, eta eguaztenean hura ezagutzeko aukera izan zuten aurkezpenera bertaratu zirenek. Horren aurretik, baina, irisgarritasuna zer den eta irisgarritasun irizpideak zeintzuk diren azaldu zuten.
Halaber, udalak parte hartze prozesua zelan burutuko duen zehaztu zuten. Erabiliko duten metodologia eta kronograma azaldu zituzten, eta prestatu duten mapa erakutsi zieten bertaratutakoei.