Aurten ere
Mutrikuko Musika Bandaren bazkide izateko aukera zabaldu dute. Egitasmoaren helburua sinplea dela nabarmendu dute bandako kideek. “Herritarren artean
musika zaletasuna bultzatzeko asmoarekin abiatu dugu bazkide kanpaina”.
Beste urte batez musikarekin gozatzeko proposamena luzatu diete herritarrei, eta banda diruz laguntzen dutenek
hainbat abantaila izango dituztela jakitera eman dute bandako kideek. Besteak beste, Udaberriko, Udako eta Santa Zezilia kontzertu berezietan grabatutako hiru CDez osatutako sorta jasoko dute opari urte bukaera aurretik bazkide egiten direnek.
Mutrikuko Musika Bandak Galbaixoko jaietan eskainitako kontzertua
Urtean egiten dituzten kontzertu garrantzitsuenen kantu sorta jasotzeaz gain, bazkide guztien artean Donostiako Kursaal Jauregian egingo den goi mailako kontzertu baterako bina sarrera eta hiriko jatetxe batean bi pertsonentzako afari bat zozkatuko dituzte. Zozketa, hain zuzen ere, azaroaren 19an egingo da, Santa Zeziliako kontzertuarekin batera.
Urte bukaera arte zabalik dago bazkide kanpaina, baina gogorarazi dutenez, Santa Zeziliako kontzertua aurretik komeni da bazkide egitea, zozketan ere parte hartu ahal izateko. Bazkide egin nahi dutenek bandako kideekin harremanetan ipini edo kontzertu batetara bertaratu besterik ez dute izango.