Herriko Ondare Batzordeko kideek argazki zaharren
bilduma osatu nahi dute, gerora argitaratzeko asmoagaz. Horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa dela deritzote, eta argazki zaharren
kopiak jasotzen dabiltza.
Argazkien kopiak ondarea@munitibar.org helbidera bidali daitezke. Halaber, batzordeko kideei zuzenean emateko aukera ere badago. Edozein
zalantzak argitu, edota informazio gehiago jaso nahi izanez gero, herritarrek telefono zenbaki honetara deitu dezakete:
679 729 870.
Udaberrian egin zuten lehen deialdia, eta udazkenean berriro zabaldu dute oharra. Orain arte argazki gutxi jaso dituzte, eta herritarrak argazkiak partekatzera animatu dituzte, ondorengoek iragana ezagutu dezaten.
Ondare Batzordeko kideek azaldu dutenez, askotariko argazkiak jaso dituzte. Besteak beste, jendearen, elizako, gaur egun frontoia dagoen lekuan zegoen jauregiaren, jaunartze baten edo Gerrikaitzko paisaiaren argazkiak dituzte.
Herritarrek bidalitako argazki baten kopia.
Argazkia: Munitibarko udala.
Halaber, 80 eta 90 hamarkadetako argazki batzuk ere bidali dituzte herritarrek. “Esate baterako, karnabaletako argazkiak ditugu. Izan ere, ez dute zertan aspaldiko argazkiak izan behar, orain dela 20 edo 30 urteko argazkiek ere balio dute”.
Herriko historia eta ondarea aztertzen
Munitibarko eta Gerrikaitzeko historia eta ondarea aztertu eta batzeko asmoz 2015eko Gabonetan elkartu zen lehenengoz Ondare Batzordea. Bertako kideen berbetan, herrian dituzten altxorrak (batzuk ezkutukoak eta beste batzuk ezagunak) herritarren “eskura” jartzea izan zen batzordea sortzeko helburu nagusia.