Iaz moduan, bizilagunen arazoak eta ardurak modu zuzenean ezagutzeko asmoz auzoz auzo herritarrekin batzartuko dira. Modu berean, iritziak elkartrukatzeko ere aprobetxatuko dute.
Iazko batzarren balorazio oso positiboa egin zuen udalak; parte hartze zabala izan zuten, eta askotariko ekarpenak jaso zituzten. Horregatik, udaletik asteburu honetako hitzorduetara bertaratzeko deia zabaldu diete bizilagunei.
Aurreko esperientziaren ildo beretik burutuko dituzte
zapatu eta domekako (azaroak 12 eta 13) batzarrak. Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak azaldu duenez, iazko auzo batzarretan landutako gaien errepasoa egingo dute. Hau da, zer egin den eta nola, eta oraindik egin gabe dauden gauzak zergatik ez diren egin azalduko dute.
Halaber, datorren urtera begira udalaren plangintza zein den zehaztuko diete herritarrei. “Haien ekarpenak eta iritziak kontuan hartuta zehaztuko dugu datorren urterako aurrekontua. Gutxi gorabehera badakigu zer diru izango dugun, eta horren arabera auzo bakoitzean zer egin litekeen”, adierazi du Garrok.
Herritarrek haiengana jotzeko, eta ekarpenak egiteko ohitura izatea nahi dute udal ordezkariek: “Batzarrak gehienbat herritarrei entzuteko dira, harreman zuzena izateko”.
BATZARREN EGUTEGIA:
- Arta eta Iruzubieta: azaroak 12 (zapatua), 11:00etan, Iruzubietako elkartean.
- Zeinka-Zearregi: azaroak 12 (zapatua), 17:00etan, Zeinka-Zearregiko elkartean.
- Goierri eta Elizalde: azaroak 13 (domeka), 11:00etan, udaletxean.