Usadio zaharrei jarraituaz, Ondarroa Arraun Elkarteak denboraldian irabazitako banderen bedeinkazioa egin du Antiguako Ama baselizan. Hain zuzen ere,
Antiguako Ama traineruak KAE1 ligan lortutako hamairu banderak bedeinkatu ditu aita Jose Marik.
Antiguako ermita txiki geratu da gaurkoan. Egun berezia eta hunkigarria izan da arraun elkarteko kide eta herriko arraun zale guztientzat, eta guztiek bat egin dute gaurko ospakizunekin.
Jaiak gaurkoan ez du etenik izan. Izan ere, elizkizuna amaitu ondoren, klubeko kideak banderak paseatzen ibili dira herrian zehar. Trikitilariek lagunduta osteratxoa egin dute Alde Zaharrean, eta banderak ondo astindu ostean, Alamedan egin dute azken geldialdia. Eta eguna biribiltzeko, Beikozinin batu dira bazkaritan elkarteko kideak eta hain gertukoak.

Arraun taldeko kideak Antiguan, banderak eskuan. Argazkia: Joseba Arrizabalaga / Ondarroa Arraun Elkartea
Denboraldi historikoa. Banderen bedeinkapena egun berezia izaten da, eta aurten era bereziagoan ospatu dute ondarrutarrek, denboraldi historikoa burutu baitu
Antigua Ama traineruak. KAE 1 ligako txapeldunak izan dira, eta ondorioz, datorren denboraldian maila nagusian arraun egiteko aukera izango dute.
Honakoak izan dira aurten lorturiko banderak:
- 34. Bilboko bandera
- VII. Zarautz Arraun Elkartearen bandera
- 44. Castro Urdiales (Kantabria, Espainia) bandera-X. Avelino Ibañez oroimenezkoa
- 32. Pasaiako bandera
- 32. Ondarroako bandera-Mahala saria
- 31. El Correo bandera–BBk sari nagusia
- Lebaniego-ko (Kantabria, Espainia) bandera
- XI. Cudeyo-ko (Kantabria, Espainia) bandera–Dynasol sari nagusia
- IX. Bixigu Eguna bandera
- VII. Getariako estropada
- X. Hondarribiko Arrantzaleen kofradiako bandera-21. Hondarribiko estropada
- Bilboko 716. urteurreneko bandera.
- Ligako txapelduna