Azken denboraldi oparoaren ostean, berriro ere beharrean hasteko prest agertu dira Lekeitioko
Tximista atletismo taldeko ordezkariak eta kirolariak. Gaur [azaroak 12] eguerdian egin dute 2016-2017 denboraldiko
aurkezpen ofiziala, Larrotegiko pistan.
Tximistakoak, hain zuzen ere, buru-belarri dabiltza entrenamendu lanetan. Kirolari batzuk, gainera, denboraldiko lehen lehiaketetan parte hartzen ere hasi dira, emaitza onekin gainera.
Lea-Artibai eskualdean federatu mailan dagoen talde bakarra da, eta aurrerantzean ere eskualde mailan erreferente izaten jarraitu nahi dute. Hori dela eta,
eskualde mailan zabaltzen jarraitzeko ahalegin berezia egingo dutela nabarmendu dute.

Tximista atletismo taldeko kideak, gaurko aurkezpenean, Larrotegiko pistan. Argazkia: Tximista
Tximistako ordezkariek azaldu dutenez, gaur egun, herri askotako atletek osatzen dute taldea; asko Lekeitiokoak baldin badira ere, Markina-Xemeingo, Ispasterko, Gizaburuagako, Mendexako, Amorotoko, Munitibarko, Aulestiako eta Eakoak ere badaude. Guztira,
89 atletak –42 federatu eta 47 eskolar mailakoak– osatzen dute Tximistako familia.
Taldeak, bestalde, denboraldi berriari begira beste hanbait helburu ezarri ditu. Maila guztietako taldeak –seniorrak, promesak, juniorrak, gazteak, kadeteak eta txikiak– mantendu nahi dituzte, eta horiek hobetzen jarraitu. Era berean, eskolar mailan dauden ikastetxeetako taldeak koordinatzen jarraituko dute.
Klubaren etorkizuna bermatzeko, baina,
diru iturri gehiago behar dutela azpimarratu dute. Erakundeengandik laguntza gehiago jaso nahi dute, baita bazkide gehiago egin ere.