Sebastian Lizasok, Iratxe Ibarrak, Eñaut Lertxundik eta Iñaki Lersundik atzo [azaroak 13] Ondarroako udal erakusketa aretoan egindako bertso saioagaz amaitu dira Kresala Kultur Elkartearen 50. urteurreneko ekitaldiak.
Lau bertsolariek bertso
saio dotorea eskaini zuten, eta erakusketa aretoan batutako zaleak pozik eta gustura geratu ziren. Jon Arrizabalaga herriko bertsolaria aritu zen gai jartzaile lanetan, eta proposatutako gaien artean Kresalagaz lotutakoak ere egon ziren. Lizaso eta Ibarra, besteak beste, Kresala moduko kultur elkarte batek herrirako duen garrantziari buruz aritu ziren, eta Lertxundik eta Lersundik, ostera, Kresala dantza taldeko irakaslearen eta ikaslearen papera irudikatu zituzten.
Ordubete inguru iraun zuen saioan, beste hainbat gai ere izan zituzten hizpide bertsolariek. Besteak beste, Ondarroa Arraun Elkarteak lotutako balentriari buruz aritu ziren, eta ohi modura, herriko berba berezien inguruko bertsoak ere egon ziren.

Lizaso, Ibarra, Arrizabalaga, Lertxundi eta Lersundi, Ondarroako erakusketa areto aurrean. Argazkia: Iratz Urkiza / Kresala Kultur Elkartea
Zapatuan [azaroak 12], bestalde, Santi Ledesma ipuin kontalariaren saioa egin zen. Kasu horretan ere, aretoan jendez bete-bete egin zen, eta Kresalakoak pozik agertu dira.
Urteurrenen ekitaldiei dagokionez,
balorazio oso positiboa egin dute Kresalakoek, lehenengo ekitalditik azkenekora. “Egin ditugun ekitaldi guztietan jende asko batu da. Arlo desberdinetako ekitaldiak egin ditugu, eta jendea oso gustura ikusi dugu”.
Liburu eta DVD sorta. Kresalak urteurrenari begira argitaratu duen liburua eta DVDa, bestalde, herriko hainbat tokitan eros daitekeela gogorarazi dute.
Honako tokietan eros daiteke sorta: Zubi Zahar herri ikastolan, Irkaitzen, Idiakezenean, Zurrumurrun, Garoan, Turismo bulegoan eta Kuriken.