Lekeitioko hiribiduak azaroaren 3an 691 urte bete zituela eta, historia jardunaldiak antolatu dituzte. Horregaz lotuta, Lekeitioko historiaurreari, erromatar garaiari eta Erdi Aroari buruzko hiru hitzaldi egin ziren zapatu [azaroak 12] goizean Eusebio Erkiaga kultur etxean.
Hitzaldietan, hain zuzen ere, herrian egin diren indusketa arkeologikoei, Lumentzako indusketa arkeologikoen eta Lekeitioko kokaleku erromatarrari buruz aritu ziren, hurrenez hurren, Belen Bengoetxea arkeologoa, Jose Luis Arriba historialaria eta Ana Martinez arkeologoa.
Arratsaldean, berriz, goizeko hitzaldietan aipatutako tokiak bisitatzeko aukera egon zen, IƱaki Pereda arkeologoaren eskutik. Peredak hainbat arkeologia lan egin ditu Lekeition, eta bisita gidatuan parte hartu zutenek herriko historiaz jabetzeaz gain, herrian dagoen ondarea hurreragotik ezagutzeko aukera izan zuten.

Lekeitioko historia jardunaldiak. Bisita gidatua
Eguraldi oso txarra egin bazuen ere, asko eta asko izan ziren aterkiak eskuan hartu, eta herrian zehar Peredaren azalpenak entzutera animatu zirenak. Bisita gidatua herriko plazan hasi zen, eta handik herriko ondare eta historia mailan garrantzia handia duten hainbat toki bisitatzen ibili ziren.
Lehenengo geldialdia hilerriko sarrera aurrean egin zuten. Bertan, Erdi Aroan eraikitako harresia ikusten ibili ziren gertutik. Mendeetan barrena, harresiak hainbat aldaketa jasan ditu, eta begien bistan ageri diren eraikitze geruzen berri eman zuen Peredak, baita bertan erabilitako materialari buruzko beste hainbat azalpen ere.
Harresiaren ondotik jarraitu zuten bisita, eta hiribilduaren sarrera ateen inguruan ere ibili ziren. Oraindik ere ikus daitezkeen aztarnak ikuskatu zituzten, eta ingurua zer nolakoa izan zitekeen jakiteko aukera ere egon zen. Bisitariek, oro har, beste garai batzuetara atzera egiteko aukera eduki zuten.
Horrez gain, herrian egindako indusketetan egindako aurkikuntzen berri ere eman zuen Peredak. Tartean, Euskal Herrian aurkitu diren tina garrantzitsuenei buruz aritu zen. Duela urte batzuk balio historiko handiko 15 tina aurkitu zituzten, hain zuzen, Beheko Kalean.