'Betaurreko moreak janzten' lelopean zenbait ekintza egingo dituzte Munitibarren
Udalaren Parekidetasun Batzordeak zenbait ekintza prestatu ditu datozen asteetarako, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira. Barikuan [azaroak 18] gurasoei edota haur zein nerabeen zaintza egiten duten hezitzaileei zuzendutako tailerra egingo dute, 17:00etan, liburutegian. Bertan, sare sozialak eta indarkeria izango dituzte hizpide.
Aisialdiko trebakuntzarako eta suspertze soziokulturalerako Bizkaiko Urtxintxa Eskolako kideek zuzenduko dute tailerra. Horiek ume eta gaztetxoek sare sozialak erabiltzearen arriskuak zehaztu, eta arrisku horiek zelan sahiestu azalduko dituzte. Horregaz batera, eztabaidarako tartea ere hartuko dute.
Era berean, abenduaren 2rako jostailu ez sexistei buruzko tailerra prestatu dute, gurasoentzat zein gainontzeko hezitzaileentzat. Saio hori ere Urtxintxako kideek gidatuko dute.
Hain zuzen ere, Gabonetako oparie begira, jostailu ez sexistak aukeratzeko irizpideak emango dituzte. “Esaterako, neskei panpinak eta mutilei baloia oparitzearen atzean zer dagoen aztertuko dugu”.
Bestalde, hilaren 25ean elkarretaratzea egingo dute, eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete Parekidetasun Batzordeko kideek.