Ziortza-Bolibarko X. Mendi Martxan izena emateko epea datorren astean amaitzen da
Parte hartzeko asmoa dutenek izena emateko hiru aukera dituzte. 652-73 94 65 telefono zenbakira WhatsApp-a bidalita, Ziortza-Bolibar Mendi Martxa facebook orrialdean edota helbide elektroniko honetara idatzita apuntatu ahal da: ziortzabolibarmendimartxa@gmail.com.
Nagusiek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta 14 urtetik beherakoek, berriz, 6 euro. Izena ematerakoan zein ordaintzerakoan izena eta abizen biak jartzea eskatu dute antolatzaileek.
Hain zuzen ere, kontu korronte zenbaki honetan sartu behar da dirua: 3035 0008 77 008.1.02620.5.
Ohitura legez, parte hartzaile guztientzat gosaria prestatuko dute, eta horiek opari bana jasoko dute (epez kanpo apuntatzen denak ez dauka oparia ziurtatuta).
Aranbaltz kultur elkarteak eta udalak elkarlanean antolatuta, hilaren 27an (domeka) egingo dute Ziortza-Bolibarko desanexioaren 12.urteurrena ospatzeko X. mendi martxa.
Bi ibilaldi aukeran
Aurten ere ibilaldi luzea edo ibilaldi laburra egiteko aukera izango dute herritarrek.
Ibilbide luzea egin behar dutenak 07:30ean elkartuko dira gosaltzeko, eta ordu erdi beranduago hasiko dute martxa. 25,8 kilometroko ibilaldia egingo dute, eta bost ordu eta erdian egiten dela aurreikusi dute antolatzaileek.
Honako ibilbidea egingo dute: Bolibar-Ziortza-Gontzugarai-Gerrike-Ziarregi-Zeinke-Zabaleak-Iruzubieta-Arta-Gorrixa-Longa-Oizko Iturzuri aterpetxea-Oiz eolikoak-Kortaguren-Bolibar.
Bestalde, ibilbide laburrean parte hartzen dutenek 10:00etan gosalduko dute, eta 10:30ean irtengo dira plazatik. Pare bat ordutan 10,8 kilometroko ibilaldia egingo dute leku hauetatik: Bolibar-Ziortza-Gontzugarai-Gerrike-Ziarregi-Zeinke-Zabaleak-Iruzubieta-Altza-Alegrixe-Bolibar.
Ibilbidean zehar hiru hornidura leku jarriko dituzte: Iruzubietan, Oizko Iturzuri aterpetxean eta Ziarregin. Halaber, bukaeran plazan izango dute jan-edana.
Urtero moduan, martxa amaitzean partaideek dutxatzeko aukera izango dute.
Bestalde, ingurunea garbi mantendu eta errespetuz jokatzeko dei egin dute antolatzaileek. Hala, zerbait gertatuz gero, telefono zenbaki honetara deitzeko eskatu dute: 652 739 465.