Aulestiko 'Herritarrak munduan barrena' saioan Venezuelaz ariko dira
Herritarrak munduan barrenaren beste saioa bat egingo dute bihar, Aulestiko udal liburutegian. Venezuela, mundu bat herri batean izenburupean Iñigo Kareagak han bizitako esperientzia kontatuko die bertaratzen direnei, 20:00etatik aurrera.
Kareaga 2007an eta 2009an egon zen Venezuelan, eta bi urte horietan hilabete batez bisitatu zuen herrialdea. Haren berbetan, Venezuelako natura “ikusgarria” bertatik bertara ezagutuko dute barikuko saioan: “Izugarria da bertako pasaia aberatsa. Herrialde bakarrean ekosistema gehienak batzen ditu”.
Argazkien bitartez erakutsiko du hango naturaren aniztasuna. Karibeko hondartzetatik eta Andeetatik hasi, eta besteak beste, munduko ur jausi handiena den Salto Angel edota Orinoco Hego Ameriketako bigarren ibai handienaren irudiekin osatuko du berbaldia. “Ekosistema asko sortzen dira ibai horren inguruan; Amazonasen ostean ur gehien duena da”.
Canaima Parke Nazionalaren inguruan ere ariko da Kareaga, eta Los Llanos izeneko lautaden inguruan ibilaldia egingo dute, bertan dauden askotariko animalien azalpenekin.
Bestalde, Venezuelako egoera politikoa, soziala eta ekonomikoa ere hizpide izango dituzte. Hango ohiturak eta herritarren bizimoduaz berba egingo dute. “Esate baterako biztanleriaren datuak edota zertaz bizi diren azalduko dut”.