Errege Bideko krosa lehiatuko dute Berriatuan
Urepel taldearen laguntzagaz, hirugarren urtez jarraian antolatu du Berriatuako udalak lasterketa, eta iaz modura, bikoteka parte hartu ahalko da aurten ere.
“Proba herrikoia da eta ahalik eta herritarrar gehienek parte hartzea bultzatzen dugu. Horregatik, iaz bikoteka lehiatzearen aukera eman genuen estreinako, eta emaitzagaz pozik geratu ginenez, aurten ere aukera hori eman dugu”, azaldu du Jon Arriola Berriatuako alkateak.
Krosa egin nahi dutenek, domekan, 09:30etatik 10:00etara eman beharko dute izena herriko plazan (doan). Ondoren, 10:15ean autobusean joango dira Mutrikuko Saturraran hondartzara.
Nagusiak 11:00etan irtengo dira hondartzatik eta zortzi kilometro egingo dituzte arin-arinka. 14 urtetik beherakoek, berriz, hiru kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Olasotik irtenda. Ume eta gaztetxoen krosa ere 11:00etan hasiko da.
Proba amaitu ostean, 12:00etan banatuko dituzte sariak. Lehenengo helmugaratzen diren gizonezkoa eta emakumezkoa, eta lehenengo bikote mixto berriatuarra sarituko dituzte.