Lantegian euskara plana ezartzen egin duen lanagatik, Berriatuko Cikautxok aipamen berezia jaso du Elhuyarren aldetik. Gernika-Lumoko Maierrek ere sari bera jaso du. Enpresetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko lanean dabiltzan pertsonen ordezkari gisa, Cikautxoko
Ramon Mendiguren eta Maierreko Ager Zallok jaso zuten saria, eguaztenean [azaroak 16] Donostiako Tabakalera kultur gunean egindako ekitaldian.
Azken
25 urteetan enpresetan euskara planak egiten hasi zirenetik bidelagun izan dituzten erakunde, bezero, lankide eta kolaboratzaileen lana aitortzeko ekitaldian “bereziki gogotsu” ibili diren pertsonak ikustarazi nahi izan dituztela esan du
Manex Urruzola Elhuyarreko komunikazio unitateko arduradunak. “Enpresetan euskara bultzatzeko lan egin duten pertsonei aitortu nahi izan diegu aipamen hau, urte guzti hauetan gogotsu egin duten lanagatik”.
Elhuyar fundazioaren enpresa laguntzaileak ere badira Maier eta Cikautxo. Beste enpresa eta erakunde batzuekin batera, irabazien zati txiki bat fundaziora bideratzen dute, horrek egiten duen lana bultzatzeko.
Cikautxoko ordezkaria, ezkerrean, saria jasotzen.
Euskara planak. 1991 urtean hasi zen Elay taldea euskara planak abian jartzen. Elhuyar fundazioagaz batera, 25 urte horietan hainbat enpresekin egin dute lan. Gaur egun, 500 enpresa baino gehiagotan ari dira hizkuntza uztartzen, euskara planei esker.
Enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko egitasmo hauek prozesu planifikatu baten ondorioa dira. Enpresa eta erakundeen ezaugarriak eta beharrizanak identifikatu eta hauei egokitzen zaizkien planak ideiatzen dituzte.
Diagnostikoa eta planen diseinua egiteaz gain, Elhuyarrek txertaketa prozesuaren jarraipena eta ebaluazioa ere egiten du enpresetan.
Beste alde batetik, erakundeek euskara ziurtagiriak eta diru laguntzak lortzeko irizpideak eta aholkuak ere ematen dizkiete arduradunei.