Aspaldiko usadioari jarraituz, musika izango da hurrengo egunotako protagonista nagusia. Santa Zezilia goraipatzeko egunak izango dira ondorengo egunak musikari eta musikazale askorentzako, eta ez da omenaldi eta eskaintza berezirik faltako.
Musikarien eguna datorren martitzenean [azaroak 22] baldin bada ere, musika talde askok eta askok aurretik hasiko dira ospakizunekin. Hain zuzen ere, ekitaldiak bihar [azaroak 18] hasi, eta datorren asteburura bitartean ugaritzen joango dira Lea-Artibain eta Mutrikun, Santa Zezilia gogoan.
Markina-Xemeinen, esate baterako, bihar hasiko dituzte Santa Zeziliari gorazarre egiteko ekimenak. Eta horren harira, Emeki koraleko kideek kalez kale kantatzera irtetzea erabaki dute. Etzi [azaroak 19], ostera, Lekeitioko eta Mutrikuko musika banden txanda izango da. Bi herrietako taldeek kontzertu berezia prestatu dute, musikari eta musikazale guztiak omentzeko.
Mutrikuko Musika Bandaren kontzertua. Argazkia: Mutrikuko Musika Banda
Astelehenean [azaroak 21], bestalde, Mutrikuko musika eskolak hainbat ekitaldi prestatu ditu. Azken urteotan egin modura, kontzertu txiki bat eskainiko dute musika eskolako txikienek, eta ondoren, jolasak eta merienda egingo dute. Eguneko proposamenekin amaitzeko kalez kale ibiliko dira musika nonahi zabaltzen.
Gorriz jantzita. Martitzenean [azaroak 22], musikarien zaindariaren egunean, beste hainbat ekimen egingo dituzte. Gogotik ospatuko dute herriko musikariek Santa Zezilia jaia, eta ohiturari jarraituz, ospakizun ugari egingo dira Aulestin. Musika eskolako kideek, esate baterako, euren gelan musika emanaldia eskainiko dute.
Santa Zeziliagaz lotuta, gainera, Musikalean ekintza egingo dute Berriatuan eta Ondarroan.
Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteagaz batera koordinatuta, musika kalera aterako dute jai giroan, azaroaren 24an. Iaz kolore berdez jantzi zituzten kaleak, eta aurten, ostera, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak ateratako kamiseta gorriekin alaituko dituzte herriko txokoak.
Santa Zezilia ospatzen, Ondarroan
Bi herritako musika eskoletako arduradunek jakitera eman dutenez, ekitaldi polita eta jendetsua izaten da Musikalean. Berriatuan, esate baterako, eta eguraldi onak laguntzen baldin badu, 45 bat musikari batuko dira udaletxe aurrean egingo duten Zertzelada musikalean. “Trikitixa, flauta, gitarra eta beste hainbat instrumenturekin alaituko ditugu inguruak, eta behin lanak amaituta, txokolate jan goxo bat eginaz emango diogu amaiera ospakizunari”, azaldu dute Tarine musika eskolakoek.
Santa Zezilia Egunarekin lotutako ekintzekin amaitzeko, aldiz, beste bi kontzertu berezi egingo dira Markina-Xemeinen eta Ondarroan, azaroaren 26an. Xemein Gazte Ahots eta Xemein Abesbatzen kantaldia egingo da Markina-Xemeinen, eta Ondarroan, berriz, herriko talde guztiak batera ariko dira.
EGITARAUA
- Aulesti
- Azaroak 22, martitzena
-Arratsaldean. Musika eskolako kideek musika emanaldia egingo dute, Musika eskolan.
- Berriatua
- Azaroak 24, eguena
-18:00. Tarine musika eskolako kideek zertzelada musikalak eskainiko dituzte, Berriatuko plazan. Musikalean ekimenaren barruan, trikitixa, flauta, gitarra eta beste hainbat instrumenturekin alaituko dituzte inguruak. Euria eginez gero, ez da kaleko ekintza egingo.
-Jarraian. Txokolate jana, parte hartzaile denentzat.
- Lekeitio
- Azaroak 19, zapatua
-12:30. Lekitto Musika Bandaren kontzertua, Nautika aurrean.
- Markina-Xemein
- Azaroak 18, barikua
-20:00. Emeki korala kalez kale ibiliko da.
- Azaroak 26, zapatua
-19:30. Xemein Gazte Ahots Abesbatzaren eta Xemein Abesbatzaren kontzertua, Kontzekupean.
- Mutriku
- Azaroak 19, zapatua
-12:30. Mutrikuko Musika Bandaren kontzertua, Zabiel Plazan.
- Azaroak 21, astelehena
-17:00. Mutrikuko udal musika eskolako kideen kontzertu berezia, musika eskola aurreko plazan.
-17:30. Jolasak, musika eskola aurreko plazan.
-18:15. Merienda, musika eskola aurreko plazan.
-Jarraian. Musika eskolako ikasle eta irakasleen kalejira.
- Ondarroa
- Azaroak 23, eguaztena
-17:30. Unanue udal musika eskolako ikasleak kalez kale ibiliko dira Santa Zeziliako bertsoak abestuz. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia Berdura Plazan egingo da.
- Azaroak 24, eguena
-18:00. Kalekutzeko eskaileretan, Musikalean ekitaldia egingo da. Unanue udal musika eskolako txikienak abesten eta dantzatzen ibiliko dira saxofoiaren laguntzagaz.
- Azaroak 26, zapatua
-20:00. Santa Zeziliako kontzertua, Andra Mari elizan. Honako taldeek parte hartuko dute: Unanue udal musika eskolako abesbatzak, Kantaize abesbatza, Ondarroako metal taldea, herriko txistulariak eta Unanue Kamara Korala.