Baxurako ontziek sardina asko porturatu dute Ondarroan. Kalare deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera,
350 tona inguru saldu dira azken egunotan kofradiako bentan.
Gaur [azaroak 17], esate baterako, baxurako ontziak goizeko lehen ordutik etengabe ari dira porturatzen Egidazu kaian, eta eguerdirako, 20.000 kaxa inguru deskargatu dituzte (ia 200 tona). Arrantzaleek nabarmendu dutenez,
Frantziako uretan ari dira sardina harrapatzen, Arcachon inguruan, Ondarroatik 6-7 ordura.
Tamaina aldetik denetariko sardina aleak ikusi dira goizeko bentan. Parrotxa txikiak ugari izan dira, baita sardina hazi-haziak ere. Hori dela eta, prezioak ere nabarmen desberdinak izan dira. Parrotxa, esate baterako, kiloa 40 zentimoa inguruan saldu da, eta alerik handienak, ostera, 1,50 euro buetan. Salmentei dagokienez, freskorako gutxi saldu da, gehiena fabriketarako izan da eta.
Baxurako arrantzaleak, gaur goizean, sardina deskargatzen Ondarroan
Aurreko egunetan, bestalde, 144 tona sardina saldu dira. Prezio onean saldu da gainera arraina. Kiloa, bataz beste, 1,38 euroan.
Sardinaz gain,
antxoa ere nahikoa lehorreratu dute egunotan. Gaur, esate baterako, ale bakarrak saldu dira, 27 kaxa inguru. Gaurkoa kopuru aldetik gutxi izan denez, nahikoa garesti saldu da. Goizeko bentan 5 euroren bueltan saldu da kiloa. Hori bai, tamaina aldetik oso arrain gaztea izan da. Kiloan 70 ale bueltakoa. Atzo [azaroak 16], ostera, 60.000 kilo antxoa saldu ziren. Kiloa, bataz beste, 2,67 euroan saldu zen.