Sortu alderdiaren birfundazio prozesuaren barruan egingo dute aurkezpena, zapatuan [azaroak 19] udal aretoan, 10:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, Euskal Herri mailan urtarrilaren 21ean alderdiak egingo duen kongresuaren aurretik, Munitibarren zenbait fasetan landuko dute birfundazio prozesua udalerriko Sortuko kideek.
Asteburu honetan ponentzia herritarrei azaldu ostean, hilaren 26an ponentziaren nondik norakoak eztabaidatuko dituzte. Besteak beste, ponentziaren indarguneez eta ahulguneez berbetan ariko dira.
Horregaz batera, ponentzia bera eta Euskal Herri mailako zein Bizkaiko zuzendaritza taldearen parte bat bozkatuko dute.
Ondoren, abenduaren 6an emendakinei buruzko mahainguruan bilduko dira. “Ponentziari aurkeztu al zaizkion emendakinen inguruan ariko gara; posible da emendakinak adostea ala ez, eta horrekin batera, Euskal Herriko zein Bizkaiko zuzendaritzetarako hautagaien proposamenak egingo ditugu”, azaldu dute Munitibarko Sortuko kideek.
Emendakinak eginez gero, horiek eta zuzendaritzako kideen proposamenak bidaliko dituzte alderdira.
Horrela, urtarrilaren 13ko azken saioan, emendakinen eztabaida eta bozketa egingo dute.
Egutegia:
- Azaroak 19 (zapatua) 10:00. Zohardia ponentziaren aurkezpena, udal aretoan.
- Azaroak 26 (zapatua) 11:00. Ponentziaren eztabaida, udal aretoan.
- Abenduak 6 (martitzena) 17:30. Emendakinen lan-saioa, udal aretoaren batzar gelan.
- Urtarrilak 13 (barikua) 19:00. Emendakinen eztabaida, udal aretoan.