Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazle ondarrutarrak hirugarren eleberria kaleratu berri du; Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016). Liburuak egiazko familia abertzale baten bizipenak jaso ditu, Karmele Urresti ondarrutarrarenak eta Txomin Letamendi haren senarrarenak.
Nobelaren titulua nondik dator?
Titulua barruan jasota datorren poema batetik dator, Ezra Pound-en poema batetik. Egia esan, elkarrekin esnatzeko ordua esaldiak bera oso esanguratsua iruditu zait, eta horregatik aukeratu dut.
Zein da pertsonaia nagusia?
Karmele da liburuko erdigunea, bihotza, indarra…, eta berak mugitzen ditu beste denak: bere senarra, neba-arrebak, gurasoak…
Kirmen Uribe azken nobela eskuan
Liburuko familia hurbiletik ezagutzen duzu. Liburuaren hazia zelan sortu zen?
Karmele bera ezagutzeko aukera izan nuen, eta familiako beste hainbat kide ere hurbiletik ezagutzen ditut. Karmeleren eta Txominen istorioa umetatik ezagutzen nuen, baina orain dela sei bat urte Karmeleri eta garaiari buruz irakurtzea bururatu zitzaidan. Egia esan, Euskal familia abertzale baten istoria eta azken 100 urteotako historia liburu batean kontatu nahi izan ditut, eta Urrestitarrak horretarako familia aproposa zirela iruditu zitzaidan. Familiaren beraren historia oso indartsua da, eta horrelako familia abertzale asko baziren ere, honek badu berezitasun bat.
Erabateko fikzioa egin eta istorioa neure erara moldatzea zen aukeretako bat, baina ez nintzen gustura geratuko neure buruagaz. Izenak -eta aldatzea iruzurra izango litzateke
Zein?
Karmeleren pertsonaia oso berezia da. Niretzako oso emakume modernoa da, oso independentea, ama ezkongabea… Eta horrek denak sekulako emakumea zela azaltzeko aukera ematen zidan. Beste alde batetik, Txominek zuen giroa ere –Manu Sota, Antonio Gezala, Jose Antonio Agirre…– oso giro interesgarria iruditu zitzaidan garai hartan politikoki ere hemen zer pasa zen azaltzeko. Liburua, egia esan, politikoa ere bada. Euskal Herriko historia ere kontatzen da, datu asko ematen dira, gertakizun asko azaltzen dira… zelan garatu ziren gauzak ikusteko, batez ere.
Azterketa historiko handia eskatu dizu liburuak. Fikzioa ere batuko du nobelak, ezta?
Erabateko fikzioa egin eta istorioa neure erara moldatzea zen aukeretako bat, baina ez nintzen gustura geratuko neure buruagaz. Izenak-eta aldatzea iruzurra izango litzateke, eta izenak aldatu barik ere nobelak sekulako indarra duela iruditzen zait. Egia esan, orain momentuan, teknika hau Mundu mailan asko erabiltzen da.
Zein teknika?
Fikzioa eta errealitatea nahasten dira, batez ere, herri bateko historia kontatu nahi baldin bada. Nire kasuan, herri txiki baten historia nahi izan dut kontatu, Euskal Herriarena. Egia esan, antzeko egoerak bizi izan zituzten familia asko izan dira. Bai Ondarroan, eta bai eta Euskal Herri mailan ere. Familia asko erbesteratu ziren, askorek galdu zituzten ondasunak, bakar-bakarrik ezkerrekoak edo abertzaleak izatearren. Pentsatzen dut borroka antifrankistan aritu zirenek eta beste askorek ere bere burua hor identifikatuta ikusiko duela.
Eta nobelan non azaltzen da ba fikzioa?
Eszena eta egoera denetan. Hori bai, pasa zitzaien gauzak liburuan agertzen direnak dira, eta hori ere agertzea garrantzitsua iruditu zait. Frankismoko urterik gogorrenei buruz ari gara berbetan, eta jendeak jakin egin behar du horrek gauzok benetan pasa zirela. Protagonistak eta errudunak zeintzuk izan ziren oso argi laga behar zen. Hori jendea epaitu barik dago, eta liburuagaz hori salatzen saiatu naiz.
Euskara ere oso presente dago nobelan.
Euskararen zapalkuntza agertzen da, eta zelan horrek belaunaldiak ozta-ozta euskara bizirik mantentzea lortu zuen. Euskaldunek beren hizkuntza galtzeko daukaten beldurra ere ageri da, eta hizkuntzaren aldeko jarrera eta borroka hori eta urterik txarrenetan eutsi nahi hori ere oso ondo azaltzen dira.
Ondarroa askorik agertzen ez baldin bada ere, hasieran eta amaieran agertzen da
Istorio gordina da kontatzen duzuna, baina tartean maitasun istoria bat ere badago.
Maitasun bi daude, baina ez ohikoak dira. Ez da maitasun erromantikoa, oso maitasun librea eta modernoa da. Irakurleak maitasunari buruzko gauza bereziak aurkituko ditu.
Zer, esaterako?
Emakumeak hartzen du aurrea, eta emakumeak dauka beti erabakitzeko aukera. Eta gero, maitasunan gainetik beste gauza batzuk ere agertzen dira.
Ondarroa ere falta ezin den tokia da liburuan, ezta?
Ondarroa askorik agertzen ez baldin bada ere, hasieran eta amaieran agertzen da. Batez ere, Bilbo, Paris, Londres, New York, Caracas agertzen dira. Tartean, Donostia eta Bartzelona ere bai. Karmeleren bizitza, egia esan, horrelakoa izan zen. Ondarroan jaio zen, eta hementxe hil zen, baina, bitartean, beste toki batzuetatik ibili behar izan zuen.
Lau urte egin dituzu liburua osatzen.
Prozesu oso aberasgarria izan da, eta nik ez nekizkien gauza asko aurkitu ditut.
Emaitzagaz gustura geratu zara?
Bai. Familiakoak ere oso pozik daude, eta irakurri dutenek nire lanik onena dela esan dute.
Kirmen Uribe liburuaren aurrerapena egiten Ondarroan
Nobela euskaraz gain, katalanez, gallegoz eta gazteleraz ere kaleratu da, aldi berean. Horrelako zerbait egiten duzu estreinako aldia da, ezta?
Denak batera argitaratuta aproba egitea erabaki genuen. Ni pozik nago horrelako aukera edukitzeagaz bakarrik. Oso idazle gutxi daude beste hizkuntza batzuetara itzultzen direnak, eta kasu honetan, gainera, aldi berean lau liburuak argitaratzea handia iruditzen zait. Itzulpenekin ere oso gustura geratu naiz. Polita da, gainera, liburuak ez dituela argitaletxe bakarrak kaleratuko ikustea. Argitaletxe txikiek banatuko dute liburua, eta errespetatu egin dute argitaratzeko hilabetea bera ere.
Eleberriaren aurrerapena ere egin duzu oraingoan.
Aurrerapenik sekula egin barik negoen. Kasu honetan, lehenengoa Ondarroan egin nuen. Literatur Amuak jaialdiak aukera eman zidan, eta oso pozik nago. Banekienez liburua beste hizkuntza batzuetan ere argitaratuko zela, aurrerapena Ondarroan egin nahi nuela argi izan nuen.
Liburua aurkezten ere hasita zaude.
Madrilen eta Bartzelonan egon naiz, eta orain etorriko dira euskal hiriburuak: Bilbo (azaroak 22), Donostia (azaroak 25), Gasteiz (azaroak 29), Iruñea (abenduak 1) eta Baiona (abenduak 16).
[HONEGAZ LOTUTA] Ondarroan egindako liburuaren aurrerapena
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.