Maxen hildako bi gudari gipuzkoar omenduko dituzte Barinagan
Bi gazteen heriotzaren 80. urteurrenean, ekitaldi berezia antolatu du Ahaztuen Oroimena elkarteak. Barinagan hilobiratu zituzten Max inguruan hildako gazteak36ko gerran Max inguruko posizioetan zeudela zauritu eta azaroaren 21ean hil ziren Bitor Urreta...
Bi gazteen heriotzaren 80. urteurrenean, ekitaldi berezia antolatu du Ahaztuen Oroimena elkarteak. Barinagan hilobiratu zituzten Max inguruan hildako gazteak
36ko gerran Max inguruko posizioetan zeudela zauritu eta azaroaren 21ean hil ziren Bitor Urretabizkaia eta Timoteo Arrastoa omenduko ditu Ahaztuen Orimena elkarteak etzi, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan. «Urteetan, diktadura beltz hark biktima hauek eta haien familiak zapalduta mantendu ditu eta zor zaien errekonozimendurako unea da», esan dute.Ahaztuen Oroimena elkartekoek gogora ekarri dutenez, 1936ko uztailaren 18an militarrek emandako kolpea zabalduz joan zen hilabeteek aurrera egin ahala. Gerra, frontea, Gipuzkoatik sartu zen Bizkaira. 1936ko udan, hainbat gazte gipuzkoar gogor aritu ziren beraien herriak frankisten erasotik libratzeko. «Haietako askok, baina, beraien herritik alde egin behar izan zuten, erbestera batzuek, frontera beste batzuek», azaldu dute.
Ahaztuen Oroimenako kideek, egin dituzten azken ikerketen emaitzen arabera, Bitor Urretabizkaia Urruzola tolosarra eta Timoteo Arrastoa Arozena errekonozimendu bat egitera zihoazela hil zituzten. «Biharamunean jaitsi zituzten Barinagara, eta han hilobiratu zituzten».
Bere anaia eta lagunekin batera, Urretabizkaiak bere herria defendatzen jardun zuela azaldu dute. «Baina frankisten indarra geratu ezin eta Bizkaira jo zuten. Bertan, gudarien batailoira elkartu zen Eusko Mendigoizale Batzako batailoi abertzalean. Max inguruko posizioetan zeudela zauritu eta hil zen 1936ko azaroaren 21ean, 19 urte baino ez zituela».
Timoteo Arrastoa ere batera lurperatu zuten. «Biak hil ziren egun berean, batailoi bereko kideak ziren».
Argazkiak
Hileta eguneko bost argazki daudela jakin dute Ahaztuen Oroimenakoek Barinagan aterata. «Horri tiraka, haien familiak aurkitu ahal izan ditugu, eta omenaldian egongo dira», aurreratu dute.
Bi gazteen heriotzaren 80. urteurrenean, omenaldia eskaini nahi izan diete bi gazteei zein eurekin batera borrokatu zuten «antifaxista guztiei». Era berean, domekako ekitaldiagaz «egia osoari eta memoria kolektiboari» ekarpena egin nahi diotela azaldu dute.
Hitzordua 13:00etan izango da, Barinagako elizpean.