Mutrikuko Udalak genero indarkeriaren aurrean bere konpromisoa areagotu du, eta horren harira, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako koordinazio protokoloa aurkeztu zuen astelehenean [azaroak 21] udaletxean egindako ekitaldian.
Protokoloa aurkezteaz gain, balizko gertaeren aurrean partaidetza zuzena izan dezaketen erakundeetako ordezkariak ere han izan ziren
protokoloa babesten eta sinatzen. Hala, Jose Angel Lizardi alkatearekin batera, Ertzaintzako, Osasun Saileko eta herriko hiru ikastetxeetako ordezkaritza batek sinatu zuen dokumentua.
Herri mailako protokoloa izan arren ere, berau garrantzizkoa dela nabarmendu zuen alkateak. “
Herri mailan komenigarria dela iruditzen zait. Herriak arazo larri honen aurrean konpromisoa hartu du, eta protokolo honen bitartez udalak babesa eman nahi die biktimei”. Gaiari aurre egiteko, gainera, erakunde eta herritar denen esku hartzea garrantzitsua izango dela ere azpimarratu zuen alkateak.
Herriko ikastetxeetako ordezkariak, dokumentua sinatzen
EMA taldeko kideek, bestalde, horrelako arazoari aurre egiteko baliabide bat eskura izatearren,
poztasuna adierazi zuten. Baina, gogorarazi zutenez, bertan jaso dena gauzatzeko eta indartzeko, gaur egun Gizarte Zerbitzuen menpe dagoen Berdintasun Zerbitzua sortu beharko litzateke, eta horri behar duen protagonismoa eman.
Horretarako baina, dirua behar dela ere adierazi zuten, eta aurrekontuetan gaiari bere lekua egiten joateako eskatu zuten EMAkoek. “Bagoaz poliki-poliki, baina oraindik indar gehiago ipini behar da”.
Udaleko, Ertzaintzako, Osasun Saileko eta herriko hiru ikastetxeetako ordezkariak protokoloa eskuan
Protokoloari dagokionez,
prozesu parte hartzailea izan da, eta berau sinatu duten erakundeez gain, beste hainbat taldearekin ahaleginarekin, borondatearekin eta esfortzuarekin osatu da dokumentua. Hain zuzen ere, iaz dokumentua osatzen hasi zirenetik hainbat herritarrek parte hartu dute protokoloa osatzen eta euren iritziak ematen, eta denen artean prozedura eta koordinazio mekanismoa zein izan beharko litzatekeen zehaztu dute.