Mutrikuko Gaztetxea: 15 urte zuri-beltza koloreztatzen
Hiru eguneko jaia prestatu du Mutrikuko Gazte Asanbladak, Gaztetxea bere sorreratik bizirik mantendu dutenei eskerrak emateko. Tartean, Gaztetxearen ibilbidea batzen duen argazki erakusketa ere egingo dute.Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek Matadeixa z...
Hiru eguneko jaia prestatu du Mutrikuko Gazte Asanbladak, Gaztetxea bere sorreratik bizirik mantendu dutenei eskerrak emateko. Tartean, Gaztetxearen ibilbidea batzen duen argazki erakusketa ere egingo dute.
Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek Matadeixa zena egokitu eta Gaztetxea abian ipini zutenetik hamabost urte igaro dira. Eta hori ospatzeko, hainbat ekimen egingo dituzte bihartik zapatura bitartean.15 urtez koloreztatuz zuri-beltza lelopean, Mutrikuko gaztetxearen urteurrena goi-goitik ospatu nahi dute gazte asanbladako kideek. Eta nabarmendu dutenez, hiru egun horietan, modu batera edo bestera, Gaztetxearen ibilbidean presente egon diren guztiekin bat egin, eta urte horietan guztietan berau bizirik mantendu duten guztiei eskerrak ematea besterik ez zaie geratzen. «Gaztetxea eraiki eta ireki zenuetenoi; urte luzez Gaztetxeari bizia eman zeniotenoi; aisirako, hausnarketarako eta jolaserako gune bihurtu zenuetenoi; asanbladak prestatzen eta parte hartzen orduakpasa dituzuenoi. Eskerrik asko. Baina eskerrik asko, baita ere, laguntza eskatu eta berehala txanda egitera etorri zaretenoi; Gaztetxea margozten eta txukuntzen lagundu gaituzuenoi; hamabost urte hauetan bidelagun izan zaretenoi. Eskerrik asko denagatik, eta segi beste hamabost urtez zuri-beltza koloreztatzen».
Ekarpen berriak jasotzeko
Urteurrenari begira, gainera, Gaztetxeari itxura aldaketa bat egin diote; era sinboliko batean zuriz margoztu dituzte hormak.
Jende gaztea Gaztetxera hurbiltzea nahi dute, eta etorkizunean euren ekarpenak jasotzeko horma zuriak ipini dituzte. «Hormak liburu zuri bat modura erabili nahi ditugu, berriz idazten hasteko moduan. Hormetako mezuak jende berriak idatzi behar dituela iruditzen zaigu. Ideia berriak sortu ahala, hor jasotzen joango gara».
Egitarauari dagokionez, egun handia zapatua izango baldin bada ere, aurretik argazki erakusketa, bakarrizketa, antzerkia edo ardo dastaketa antolatu dituzte.
Denbora luzean Gaztetxean ez dute antzerkirik eskaini, eta bihar horretarako aukera egongo da. Goizeko Izarra antzerki taldeak Gerra Zibila Mutrikun antzerkiaren aurrerapena ekarriko du. Etzi, berriz, Matadeixatik Gaztetxera argazki erakusketa ikusteko aukera egongo da. Gaztetxearen ibilbidea hainbat argazkitan laburbildu dute. Besteak beste, lokala hartu zutenean zelan zegoen, eta orduz geroztik egindako lana ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Argazki erakusketaz gain, Errioxako ardo dastaketa ere antolatu dute. Bost euroren truke, nahi haina ardo dastatzeko aukera izango dute herritarrek. «Mutrikun ez da ardo dastaketarik egiten, eta publiko berria bertara erakarri nahian, Alkolea ardotegiarekin batera ardo dastaketa egitea bururatu zaigu».
Azkenik, zapatuan, Egun Handixa ospatuko dute. Hainbat urtetan Gaztetxean lanean ibilitakoak omendu nahi dituzte, eta horiek denak batzeko, jai handia egingo dute.Iluntzean poteoa egingo dute txarangak alaituta, eta ohikoa den modura, kontzertuek itxiko dute urteurrena ospatzeko egitaraua.