Espainiako tiro olinpikoko txapelketaren finalean emaitza ezinhobea lortu dute Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak. Ondarrutarrek sari nagusia lortu dute parte hartu duten
bi diziplinatan; euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban eta 60 tiro etzandako proban, hain zuzen ere.
Solabarrietak, horrenbestez, bigarrenez irabazi du Espainiako tiro txapelketa. Lehenengo garaikurra orain bi urte lortu zuen, zutikako kategorian.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola bigarren eta hirugarren sailkatuekin. Argazkia: Ager Solabarrieta
Finalari dagokionez, zapatuan [azaroak 26] jokatu zuten zutikako proba, eta tiratzaile ondarrutarrak adierazi duenez, ez zuen proba oso ondo hasi. “Lehenengo hamar tiroetan hamar punto galdu nituen, eta nahikoa urduri jarri nintzen. Hala ere, lasaitzea lortu, eta hurrengo 50 tiroak ondo bota nituen”. Aurreikusitakoa baino puntu gutxiago lortu bazituen ere, hurrengo sailkatuari nahikoa alde atera zion. Guztira,
570 puntugaz jantzi zuen txapela, bigarren sailkatuak baino 14 puntu gehiagogaz.
Aurreko egunean zutikako proban txapela lortu eta gero, etzandako finalean lasaiago ibili zela onartu du Solabarrietak. Eta atzo [azaroak 27], etzandako proban, berriz, emaitza oso ona lortu zuen. Diziplina horretan ere tarte handiagaz irabazi zuen;
597 puntu lortu zituen tiratzaile ondarrutarrak, bigarren sailkatuak baino 11 puntu gehiago.
Etzandako kategorian sari nagusia lortzea garrantzitsua dela azpimarratu du ondarrutarrak. Orain arte txapelketa zutikako kategorian jokatu da bakarrik, eta aurten etzanda ere jokatu da estreinako. Hala, bera da kategoria horretan txapela lortu duen lehenengoa.
Ager Solabarrieta txapelketan tiro egiten, Maite Badiola laguntzailea alboan duela. Argazkia: Ager Solabarrieta
Aurten, oro har,
denboraldi oso ona izan dela nabarmendu du ondarrutarrak, eta lortutako emaitzekin oso pozik dagoela gaineratu du. “Espainiako txapelketa bi diziplinetan irabaztea sinestezina izan da. Iazko emaitza txarren ostean, gehiago ezin da eskatu”.
Denboraldia abenduan amaituko du, Nafarroako irekiagaz, eta hurrengo hilabeteetara begira, Europako txapelketan parte hartzea ere nahiko lukeela aurreratu du. “Nahiko aurrekontu baldin badugu, irailean Innsbruck-eko (Austria) txapelketan parte hartu nahiko nuke berriro”.