Iraitz Artetxek irabazi du Gizaburuagako Santa Katalina jaietako barraskilo lasterketa
Gizaburuagako Olazar kultur elkarteak antolatuta, Santa Katalina jaiak ospatu dituzte herritarrek. Jai egun handia barikuan [azaroak 25] izan bazen ere, ohikoa den modura, domekan [azaroak 27] batu ziren bateko zein besteko herritarrak.
https://www.youtube.com/watch?v=E_8Z784ykpo
Eguraldia lagun, Gizaburuagako bizilagunak pozik ibili dira ospakizunetan. Jai eguna Santa Katalina elizan egindako mezagaz hasi zuten herriko nagusienek, eta ostean, X. Barraskilo lasterketan batu ziren gazteenak. Barraskilo lasterketak nahikoa ume batu zuen giro ederrean. Parte hartzaile bakoitza bere barraskiloa eskuetan agertu zen lasterketara, eta propio ipinitako ibilbidean azkarrena Iraitz Artetxerena izan zen.
Lasterketan parte hartu zuten ume guztiek jaso zuten euren oparia, eta Artetxek, ostera, opari berezia jaso zuen oroigarri. Norgehiagoka amaitu eta gero, Beñat Zaton, German Velayos eta Olatz Aiartzaguena trikitilariek lagunduta kalejira egin zuten herritarrek, eta 14:00ak aldera, herri bazkaritan batu ziren 71 lagun –55 heldu eta 16 ume–. Lehendabizi, haurrek eta gaztetxoek bazkaldu zuten, eta ostean, helduek jan zuten. Bazkalosteko orduak ludotekan jolasean igaro zituzten herriko txikienek.